GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eratu den Gizarte Kontseiluak «defizit demokratikoa» duela salatu dute Donostian

Hotsandiko ekitaldi batean eratu zuten atzo Donostiako Gizarte Kontseilua. «Hiritarren partaidetzarako organo nagusi gisa» aurkeztu zuen Udalak. Udal talde independentistak, berriz, «milaka hiritar ordezkaritzarik gabe» uzten dituela salatu zuen.

p022_f02_111x111.jpg

GARA |

Atzo ilunabarren eratu zen Udalean Donostiako Gizarte Kontseilua. Donostiako alkate Odon Elorza «itxaropentsu» agertu zen, bere ustez, kontseilu honek, «partaidetza organo garrantzitsuenak», eta hiria «berritzen» lagunduko duelako.

Guztiek ez dute, ordea, kontseiluaren eraketa modu berean hartu. Donostiako Udal Talde Independentista udaletxearen atarian eskuorriak banatzen aritu zen bere desadostasuna agertzeko. Areto barruan, LABeko ordezkari gisa, Josetxo Ibazetak hitza hartu zuen eta bere egin zuen desadostasun hori.

Udal Talde Independentistaren arabera, Udalean Partaidetzarako Plan Integralik izan gabe «Kontseilu bat osatzea eta martxan jartzea inprobisazio ariketa besterik» ez da.

Bestalde, osaketa hiriko gizarte eragileen ekarpenak kontuan hartu gabe egin dela salatu zuten, eta gogora ekarri zuten duela ia hiru urte tailer bat egin zutela herritarren partaidetzari buruzko araudia eztabaidatzeko. «Gizarte Kontseiluari dagokionez, bildu ginenok aho batez, osoko zuzenketa egin genion, osaketa eta xedearekin bat egiten ez genuelako». Taldeak onartu zuen aldaketa batzuk izan direla funtsean, baina gizarte eragileek eskatu zutena, zirriborro erabat berria osatzea alegia, ez dela kontuan izan adierazi zuten.

Bestelako zalantza eta galderak ere badituzte, ordea; besteak beste, udal agintarien eredu orokorra zein den galdetzen dute, edota ea egokia den Gizarte Kontseilua sortzea, lurralde Kontseilua sortu gabe. «Auzoak dira partaidetza sustatzeko gunerik egokienak». Horretaz gain, Udaleko ordezkariei itaundu zieten ea kontseilu sektorialen funtzionamenduak eragingarriagoak izan daitezen zer-nolako neurriak hartu diren.

Azkenik, Gizarte Kontseiluaren «defizit demokratikoa» salatu zuten, «apartheid politikoarekin» bat egin duelako. «Alderdi politiko guztiak ez daude ordezkatuak; beraz, milaka eta milaka donostiar ez daude kontseiluan ordezkatuak». Beren ustez, «Gizarte Kontseilua herritar donostiarren ispilu izan dadin, hirian dauden sentsibilitate sozial eta politiko guztiek izan beharko lukete lekua bertan».

auzoak

Udal Talde Independentistaren ustez, auzoetako kontseiluak dira partaidetza organorik emankorrenak. Odon Elorzaren ustez, auzoetako iritziak lantzeko «bideak badira jada».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo