GARA > Idatzia > Kultura

Carmen Machi «La tortuga de Darwin» antzezlanean arituko da gaur eta bihar Arriaga Antzokian

Darwinek Galapagoetatik ekarri zuen Harriet dortokaren ikuspegitik, XX. mendeko historia berrikusi du Juan Mayorgak idatzi, Ernesto Caballerok zuzendu eta larunbatera arte Arriagan ikusi ahal izango den lanak.

GARA | BILBO

Azken 150 urteko gizadiaren historia berrikusi du Juan Mayorgak idatzi duen “La Tortuga de Darwin” antzezlanak. Euskal Herrian atzo ikusi zen estreinakoz, Arriaga Antzokian, eta areto honek egingo dio harrera gaur eta bihar ere Ernesto Caballerok zuzendu duen lanari. Carmen Machi antzezlea da protagonista eta Darwinek Galapago uharteetatik ekarri zuen Harriet dortokaren papera egiten du, hain zuzen ere. Berarekin batera, Vicente Diezek, Susana Hernandezek eta Juan Carlos Talaverak osatu dute antzezle taldea, Betti eta doktoreen paperetan, hurrenez hurren.

Darwinek ekarri zuenetik 200 urte bete ditu dortokak eta, hortaz, XX. mendean munduan bizi izandako izu-ikara eta bidegabekerien berri emateko gai da. «Animalia-gizonak ikusi ditut, eta baita animalia gisa tratatzen dituzten beste batzuk ere», esan du Harriet dortokak.

Juan Mayorgak idatzi duen lan honek Antzerkiko Sari Nazionala irabazi zuen 2007an. Gertakizunaren berri emateko orduan, idazleak argi azaldu du sortu duen protagonista ahal izan duen egokiena dela: «Behin eta berriro hainbat egoeratara egokitu behar izan duen animalia da, eta ia gizaki bilakatu behar izan duena. (...) Lur-mailan eta istorioa behetik ikusi duen aparteko lekuko bat da». Antzokiko arduradunek azaldu dutenaren arabera, egun etorkizun eta interes handiena duten antzerki egileetako bat da idazle hau. Bere azken lan honetan, «Kafka, Bulgakov eta Ionesco beraren oihartzunak bildu dituen iradokitzaile bat da», ziurtatu dute antzokikoek.

Vicente Diez eta Carmen Machi “Auto” antzerki muntaian aspaldi zuzendu zituen Caballerok berak zuzendu du lan hau. Oraingoan, ordea, alegoriazko eta alegiazko lurralde honetan barneratu behar izan du zuzendariak. Hau guztia ikusi ahal izango da gaur eta bihar Arriaga Antzokian. Bisita gehiago egingo dituzte, esate baterako, maiatzaren 21ean Gayarre Antzokira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo