Oteiza, «abangoardia baten lehen ordezkari kontziente eta erradikala»
«Gurean, ikuspegi historiko batetik, Jorge Oteiza izan da abangoardista bakarra». Honela mintzo zen atzo Donostian Simon Marchan, UNEDeko Estetika katedraduna. Oteiza jaio zeneko mendeurrena dela-eta Arkitektura Goi Eskolak antolatu dituen jardunaldiak burutu zituen Marchanek Tabakaleran. Goizean, berriz, artista oriotarrak mende hasierako abangoardiekin eta bereziki konstruktibismo sobietarrekin izaniko loturak agerian utzi zituen katedradunak.
Martin ANSO | DONOSTIA
Abangoardia artistikoak dira Simon Marchan Fizen espezialitatea eta, hain justu, atzo egin zituen hitzaldiek Jorge Oteiza abangoardia horien barnean kokatzea zuten helburu.
«Nire ustez -esan zuen-, Oteiza da abangoardia indartsu baten lehen ordezkari kontziente eta erradikala. Lengoaia artistikoak berritzea eta, aldi berean, proiektu bat aurrera ateratzea dira abangoardia indartsu baten ezaugarri nagusiak. Bada, Oteizak biak ala biak inork baino hobeto uztartu zituen, erro-errotik uztartu ere. Are gehiago, ikuspegi historiko batetik, gurean egon den abangoardista bakarra izan dela esango nuke, Equipo 57ko kideekin batera; eta ezaguna da Oteizak Equipo 57an izan zuen parte hartzea».
Pinturaren bidez irudika daitezkeen espazioetatik espazio errealetara jauzi egitea, hots, arkitekturara edo hirigintzara jauzi egitea, abangoardia historikoen «obsesio» klasikoenetako bat da, eta, horretan ere, Jorge Oteiza zeharo abangoardista izan zen, «oso modu kontzientean, gainera», nabarmendu zuen Marchanek. «Jauzi hori bere lanaren muinean dagoela esango nuke, konstruktibismo sobietarraren, Bauhaus alemaniarraren eta neoplastizismo holandesaren muinean dagoen bezalaxe», gehitu zuen.
Oteizak bazuen mugimendu hauen guztien berri, noski, nahiz eta, Simon Marchanek atzo esan zuenaren arabera, bere informazioa ez zen beti oso zehatza. «Normala da -argitu zuen-, kontuan izan behar da abangoardia sobietarraren erakusketa antologikoak 70eko hamarkadara arte ez zirela Mendebaldera iritsi». Hala eta guztiz ere, abangoardista sobietar haien eta Orioko artistaren arteko kidetasuna inork pentsa zezakeen baino handiagoa da, seguru asko abangoardista haiek arestian aipatutako jauziaren adibiderik erradikalena direlako. Haiek, arkitekturara, batez ere pinturatik egin zuten jauzi, eta Oteizak, berriz, eskulturatik, baina motibazioak antzekoak omen zituzten.
Zergatik, baina, jauzi hori edo jauzi horrekiko «obsesioa»? «Beharbada, arkitektura arte inguruko kezkak forma jakin batean irudikatzea ahalbidetzen duen diziplina delako», erantzun zuen Marchanek. Erantzun itxuraz sinple horren atzean teorizaio konplexua dago, ordea...
Abangoardiek XIX. mendeko loturak hautsi eta «garbiketa» egin nahi zuten. Adolf Loos arkitekto aitzindariak aipatu zuen «Zero Gradua» (iraganarekiko loturarik gabe hastea, nolabait esateko) obsesio bihurtu zen diziplina artistiko guztietan. Izan ere, arkitekturan, abangoardistek historizismo eta eklektizismoarekin hautsi zuten; pinturan, berriz, figurazio naturalis- tarekin, eta eskulturan, neoklasizismoarekin.
Beraz, hasi beharra dago, eta, kubismotik abiatuta, lauki beltz sinple bat paper zuriaren gainean margotzen hasi zen Kasimir Malevich, konstruktibismo sobietarrean berebiziko eragina izango zuena. «Lauki beltz hori, 1915 aldera margotua, figurazio naturalistaren nolabaiteko `Zero Gradua' zen», argitu zuen Marchanek. Lauki horrek, baina, laster «gainezka» egin zuen, eta gurutze bihurtu zen. Gero, lauki bakarra ez, baizik eta elkarren arteko harremana zuten lauki batzuk margotu zituen. Eboluzio logiko horren ondorioz, berandu baino lehen, konstruktibisten forma geometriko lauak bolumena hartzen hasi ziren, maketa edo proiektu zirriborroak balira bezala. Hortik arkitekturara pauso bat baino ez zen. «Malevichek berak -gogorazi zuen Marchanek- 1918an erabaki zuen irudimenezko arteetatik gauzatze-arteetara pasatu beharra zuela. Hots, pintura utzi eta arkitekturan hasi zen. Kontuan izan horixe bera egin zuela Oteizak, pinturatik beharrean, eskulturatik abiatuta, baina».
Rodchenkoren linealismoa
Konstruktibistak pintura eta arkitekturaren arteko jauzia egitekotan zirela, hainbat esperimentu egin zituzten. Alexander Rodchenkok egin zuen horietako bat, linealismo izenekoa. Arkitektura bidean, oraindik erabilgarriak ez ziren artefakto batzuk sortu zituen. Artefakto hauen bidez plazaratu zuen gero Orioko artistaren gai kuttuna izango zena: hutsarena edota eskulturaren desmaterializazioarena. «Jorge Oteizak Rodchenko maite zuen», esan zuen Simon Marchanek.
1917ko Iraultza ondorengo urteetan lortu zuen arrakasta gehien konstruktibismo sobietarrak. Mendebaldean ere berebiziko eragina izan zuen Bauhaus alemaniarraren bidez eta neoplastizismo holandesaren bidez. Jorge Oteiza abangoardia haien kide izan zen, eskubide osoz.
Pinturaren bidez irudika daitezkeen espazioetatik espazio errealetara jauzi egitea, hots, arkitekturara, abangoardien obsesio klasikoenetako bat da, eta, horretan ere, Jorge Oteiza zeharo abangoardista izan zen.