Berezkoak Binakakoa
Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari elkarren aurka neurtuko dira lehen finalerdian
Jon LEUNDA | BAIONA
Ikusmin handia piztu du gaur ilunabarrean Oloruen, Biarnon, 19.30etatik aurrera jokatuko den lehen finalerdiak. Bertan Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari, Buruz Buruko bi finalistak, elkarren aurka arituko baitira. Hala ere, lehia honek ez du Bakarkakoarekin zerikusirik izango.
Urruñakoak Sorhuet izango du lagun, eta kubatarrak, aldiz, Idiart. Partida erakargarria izango da gaur iluntzekoa, eta, lekua benetan berezia, izan ere, hirugarren aldiz jokatuko baita Euskal Herritik kanpo txapelketa ofizialeko partida bat. Lehenengo aldia, duela 30 urte inguru izan zen, Pauen jokatu zuten. Iaz irten zen bigarrenez Euskal Herritik, eta orduan ere Pauen izan zen; hantxe jokatu ziren Bakarkako bi finalerdiak.
Trinketea bete egin zen sasoi hartan, eta aurten proba egin nahi dute beste behin. Oraingoan, Oloruera eraman dute, Euskal Herritik gertuago. Biarnoko herri hau, Zuberoatik oso hurbil dago. Ikusmina handia da, eta pilotariek ere maila ona eman nahi dute. Waltari atzean ari da jokatzen txapelketa honetan, nahiz eta aurrelaria den, eta nahiko itxura ona eman du.
Partida bat irabazi eta bestea galduta heldu dira finalerdietara Idiart eta Waltari. Sorhuetek eta Ezkurrak, aldiz, jokatutako bi norgehiagokak bereganatu egin dituzte. Beraiek dira gaurkoan irabazteko faboritoak, baina Ezkurrak azkenaldian Waltariren aurka jokatu dituen partidetan amerikarra atera da garaile. Gaurkoan ordea, Idiartek eta Sorhuetek ere zer esan handia izango dute.