GARA > Idatzia > Kultura

Euskarazko umoreari helduko dio «Irri Zikloa» ekimenak aste honetan

Gaur hasi eta ostirala bitartean, hamaika ekitaldi ezberdin izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan «Irri Zikloa» ekimenaren karietara: monologoak, antzerki sketch-ak, elkarrizketak, umorezko testuen irakurketa dramatizatua, eta antzezlan bat ere bai. Horren guztiaren helburua euskarazko umorearen bidez publikoaren irrifarra eragitea da eta, hori lortzeko, Ainhoa Juaniz, Andoni Egaña, Mikel Martinez edota Virginia Albira igoko dira taula gainera.

p047_f01_.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Antzerki Eskolako Xake Aretoak «Irri zikloa» izeneko ekimena hartuko du gaurtik ostiralera bitartean. Euskarazko umoreari lekua egitea du helburu «Irri Zikloa» izeneko iniziatiba honek eta Iruñeko Udalak antolatu du Nafar Ateneoarekin eta Nafarroako Antzerki Eskolarekin lankidetzan.

Hala, era guztietako euskarazko umorea eskainiko dute aste honetan Nafarroako hiriburuan: monologoak, antzerki sketch-ak, elkarrizketak, umorezko testuen irakurketa dramatizatua, baita antzezlan bat ere. Emanaldi guztiak 20.00etan hasiko dira, osteguneko «Lapur Zuloa» antzezlana izan ezik, 20.30ean hasiko baita hori.

Udaleko arduradunek argitu dutenaren arabera, hiru izan ezik, gainerako parte hartzaileak nafarrak dira, eta Iruñean egiten dute lan. Gaineratu dutenez, programa gaur bertan hasiko da bost emanaldi laburrekin.

Gaurko parte hartzaileak ondokoak izango dira: Ainhoa Juaniz aktorea eta Zirika Zirkus taldeko kidea; Patxi Huarte komikigile eta kazetaria, berak eginiko monologoa aurkeztuko duena; Mikel Mikeo aktore eta antzezlanen egilea; Julen Zelaieta Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken irabazlea eta Josetxo Azkona idazle eta irratiko esataria.

Bertsolaritza eta umorea

Bihar, asteartea, berriz, Andoni Egaña bertsolaria gerturatuko da Iruñera, baita Mikel Martinez aktorea ere. Bertsolaritzaren eta umorearen arteko lotura izango dute hizpide. Egañak umorearen eta bertsolaritzaren arteko harremanaz hitz egingo du, eta horretarako pasadizo desberdinak erabiliko ditu. Martinez, berriz, egun «Ez dok hiru. Bikoteatro» ekimeneko partaide da eta sketch desberdinak eskainiko ditu bere emanaldian.

Asteazkenean Kike Diez de Ulzurrun kazetari eta itzultzailearen txanda izango da. Haren lana Iruñean gertatutako umore istorioak kontatzea izango da. Reyes Ilincheta, Txari Eleta eta Unai Lako Euskalerria Irratiko kazetariek berriz, Dario Fo, Paco Mir, Oscar Wilde eta Patxo Telleria egileen umorezko antzezlanetako lau pasarteen irakurketa dramatizatua egingo dute.

Ostegunari dagokionez, «Irri Zikloa» ekimenak «Atzerki Aroa» programarekin bat egingo du, Nafarroako Antzerki Eskolak otsailetik abian duen programarekin, hain zuzen ere. Aurreikusitakoaren arabera, Kanpingags taldearen «Lapur Zuloa» antzezlana izango da ikusgai. Sarrerak 19.30ean jarriko dituzte salgai, Nafarroako Antzerki Eskolako leihatilan, zazpi euroren truke.

«Irri zikloa»ren azken egunean, ostiralean, «Patshow» ikuskizuna eskainiko dute; Irigaray antzezle eta Irulegi Irratiko esatariaren hiru monologo biltzen dituen ikuskizuna, hain zuzen. Irigaray, hala ere, ez da bakarrik egongo, Virginia Albira aktore eta ipuin kontalariaren eta Aitor Txarterina antzerki kritiko eta komikigilearen laguntza izango baitu. Horrek, gainera, karikaturak egiteko duen gaitasun aparta ere erakutsiko du.

Iruñeko Udalak, urtero, maiatzean, euskara arlo ezberdinekin uztartzen duen zikloa antolatzen du, «Euskarazko zikloa maiatzean», hain zuzen. Aurten umorea izango da ardatza, iaz Alexander Tapia Perurena poeta iruindarra izan zen protagonista eta 2006an Pio Barojaren omenez egin zuten, haren heriotzaren 50. urteurrena zela-eta. «Aurten saioak ikustera etorriko den publikoaren irrifarra eragitea helburutzat hartu dugu», nabarmendu dute antolatzaileek ohar baten bidez.

MAIATZA

Iruñeko Udalak urtero euskara eta arlo desberdinak uztartzen dituen zikloa antolatu ohi du maiatzean. Aurten umorea izango da ardatza, iaz Alexander Tapia Perurena poeta iruindarra izan zen protagonista, eta 2006an Pio Baroja.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo