Mikel Aramendi Kazetaria
Kalkuluen zuzentasunean datza koska
Surrealismo puska bat ere badu Libanoko buruzagi ospetsuenetako batzuei (Jumblat, Geagea, Frangieh...) entzun zaienak, hau da, Hezbola eta Amalek estatu kolpea jo dutela Beirut mendebalde osoa (horrek barneratzen duen guztiarekin: portua eta aireporturako bidea eta ingurumena, besteak beste) euren kontrolpean hartuz. Surrealista baita halakoen ahotik horrelakorik entzutea, alajaina. Baina are surrealistagoa oraindik teoria horren arabera kolpista liratekeenek (miliziar xiitek) aintzakotzat hartu eta errespetatu duten egitate bakarra (Armada ofiziala) denean balizko estatu horren adierazpen ia bakarra... eta, teoria berorren arabera, milizia haiei aurre egin behar liekeena. Izan ere, posiblea ote da estatuaren itxura ia besterik ez duen zerbaiten aurka estatu kolpea jotzea? Eta estatu kolpea ez bada, zer da pasa den astean Beiruten gertatu dena?
Ez nuke, hala ere, endredo kontzeptual horretan galdu nahi. Munduko azeri politiko, diplomatiko eta militar zuhurrenak katramilatzen direneko Libanoz ari garenez, ziurtzat eman beharko baikenuke aldeetako bakoitzak egin duenaren sorburuan kalkulu bat zegoela. Eta honelako gatazka guztietan ohikoa denez, kalkulu horien zuzentasuna litzatekeelako erabakigarria, indarra bera (eta, zer esanik ez, arrazoia) baino gehiago. Elkarren artean kontrajarriak direnez, kalkulu guztiak ezin direlako zuzentasun berdinekoak izan.
Zer espero zuen gobernu (?) ofizialak Hezbolari bere komunikazio sarea eta aireportuan zuen ahalmena desegin nahi izan zionean? Txintik atera gabe men egingo ziola, nahiz eta neurri horietako lehenak batez ere Israelen aurrean ia biluzik uzten zuen? Edota xiien milizia matxinatzen zenean Armadak zukutu egingo zuela espero zuten? Hori bazen Hariri, Siniora eta abarren kalkulua, nabarmen okerra zen, jada ikusiko zutenez. Litekeena da, ordea, konplexuagoa, luzaroragokoa izatea haien kalkulua. Eta auzian esku har dezaketen beste batzuenekin korapilatua.
Hezbolak ere oso kalkulu zehatzen arabera jokatu duela nabarmentzen da, batik bat bere indar erakustaldiari ezarri dizkion mugetan: beste edozein milizia amen batean zukutzeko gai dela erakutsi bai, baina estatu bateratuaren ikur ia bakarra den Armadari men eginez eta, batez ere, bere aurka Libanoko beste talde guztiek eta herrialde arabiar suni asaldatuek... Israel, Estatu Batuak edota Frantziarekin bat egin ez dezaten ahalegin guztiak eginez. Nahikoa izango ote da?