Karbono gasen emisioaren aurka, itsasoan urperatzea irtenbidea
Atmosferara igorritako CO2 kopurua nola mugatu. Klima aldaketa dela-eta, atmosferan dagoen karbonoa arazo larri bilakatu da; hori mugatze aldera, hainbat irtenbide plazaratu dira dagoeneko. Horien artean, ikerlariak, CO2 gasa metatu eta gordetzeko teknika lantzen ari dira. Itsaso zaba- lean erreserbak jartzea du teknika horrek helburu. Mundaka eta Lekeitio artean erreserba bat jartzeko proiektua salatu du Greenpeacek.
Ainize BUTRON
CO2 karbonoaren emi- sioak naturan zenbaterainoko kalteak eragiten dituen etengabe aipatu izan da inguramena babesteko egin izan diren ekintzetan. Horren haritik, Planete Terre deituriko jaialdiak ere aipagai izan du gai hori berrikitan antolaturiko hitzaldietan. Hizlarien artean, Daniel Broseta Paueko unibertsita- tean CO2aren gordetze sailean lan egiten duen ikerlaria zegoen, eta, hark azaldu zuenez, harrapatze eta gordetze teknikak emisio atmosferikoak mugatzeko irtenbide bat ekar dezake.
«Teknika hori, oso maila txikian bada ere, martxan da dagoeneko, eta industriei zuzenduta dago. Orain arte atmosferara bota izan den karbonoa itsasoko lur azpiko erreserbetan gordetzeko aukera ematen du», argitu zuen.
Duela 30 urteko teknika
Petrolio industrian duela 30 urte hasi omen ziren teknika hori erabiltzen. Teknologia aski ezaguna den arren, gas-ihesik ez dagoela ziurtatzea dute xede nagusi gaur egun ikerlariek. «Teknologia hori fidagarria den ikustea dugu helburu eta, horretarako, Europa mailan hainbat ikerketa daude eginda jada. Horien artean, Pauen egindakoa», esan zuen Brosetak. Horrenbestez, Europa mailan sistema hori CO2aren emisio kuotetan zenbatzeko proposamena egitekotan dira. «Kiotoko Protokoloak kuoten sistema finkatu du gas emisioak mugatzeko. Sistema horren bidez, enpresek emisio kopuruak beraien artean trukatzeko aukera daukate; kuota horien bidez emisioak behera egin dezala lortzea da helburua. Gaur egun oraindik ikertzen ari diren teknika hau kuota sistema horretan sartzekotan dira», adierazi zuen ikerlariak.
Hala eta guztiz ere, teknika zabaldu aitzin, itsaso zabalenean kokatzen diren erreserben iraunkortasuna aztertzear dago. «Gas-ihesaldiak hainbat arrazoien ondorioz gerta daitezke, hots, faila bat berpiztu delako, edo putzu bat dagoelako. Dagoeneko ikerketen bidez horiek guztiak begiratzen ditugu eta oztopatzen saiatzen gara», goraipatu zuen. Halere, ikerlariak argi utzi zuen teknika horrek ez duela «klima salbatuko». «Neurri eraginkorrak bideratu beharko dira eraginkorra izateko; baina teknikak maila batean emisioa mugatuko du, eta alde horretatik neurri positiboa da», gehitu zuen.
Brosetarentzat azken hamarkadan «borondateko politikak» bideratuko dira: «Etorkizunean industriek emisioa txikitzeko irtenbideak finkatu beharko dituzte. Tartean, teknika hau irtenbide bat izan daiteke», erran zuen ikerlariak.
Greenpeace aurka
Berriki Greenpeace elkarteak karbonoa gordetzeari buruz kaleraturiko informean, Mundaka eta Lekeitio arteko kostaldean dagoen mota horretako proiektua salatu zuen. «Teknika horrek ez du klima aldaketa oztopatuko, gainera indarrak xahutzen ditu, arriskutsua da, eta garestia», azpimarratu zuen. Horrenbestez, Espainako gobernuak teknika horren alde egindako adierazpenak salatu zituen, eta gogoratu zuen, Mundakak bere kostetan erreserba bat finkatzeko eskaintza egin zuela. «Greenpeace oso kezkatua dago Gobernuaren adierazpenekin, karbonoa harrapatzeko eta gordetzeko teknikak ez duelako oraindik bere eraginkortasuna frogatu. Karbono emisioak mugatzeko neurri eraginkorrak hartu behar dira».
Brosetak esan zuen nazioarteko beste hainbat elkartek horren aldeko direla; erraterako, WWF eta Sopenso.
Lurperatze teknika petrolio industrian aski ezaguna den arren, gerta daitezkeen gas-ihesak saihestea dute xede ikerlariek; alegia, teknologia hori fidagarria ote den neurtzea.