GARA > Idatzia > Kultura

Malandain: «Dantza mugitzen den eskultura bat dela esan daiteke»

«Le portrait de l'infante et l'amour sorcier» Thierry Malandainen azkeneko sorkuntza Manolo Valdés eskultorearekin eginiko lanaren emaitza da. Azken horrek bi metro eta erdiko Meninak egin ditu, eta Ballet Biarritzeko koreografoa horietan oinarritu da bere azken sorkuntza egiteko. Maurice Ravel eta Fallaren konposizioak hartu ditu horretarako oinarri. Datorren asteetan Biarrizko publikoari aurkeztuko zaio lana, baita Zaragozako erakusketa unibertsalean ere.

p055_f01_48136.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

«Las Meninas» Velázquez margolariaren pertsonaia ospetsuak oinarritzat hartu ditu Thierry Malandain Ballet Biarrizko koreografoak «Le portrait de l'infante et l'Amour sorcier» azken sorkuntza egiteko. «Lagun baten bidez Manolo Valdés artistarekin harremanetan jarri nintzen, eta elkarrekin lan egiteko proposamena egin nion», argitu zuen koreografoak hautuaren zergatia ematerako orduan.

Dantza eta eskultura oso arte ezberdinak izanik ere, oinarrian bien artean dagoen lotura estua hartu zuen hizpide koreografoak. Valdés-ek, Menina erraldoien bidez, Velázquezen obra gaurkotu egiten du; Malandainek, bere aldetik, ballet zaharrak gaurkotuz mota bereko lana bideratzen du. «Dantza oso urruti dago eskulturatik, baina, hurbilagotik begiratuz, dantza mugitzen den eskultura bat dela erran daiteke», gehitu zuen Malandainek.

Manolo Valdes-en Menina haiekin, koreografia asmatu behar izan zuen Malandainek. «Ez nuen sekulan horrelakorik egin. Normalean baleta buruan izaten dut, eta koreografia lantzea baizik ez dut falta izaten. Bi metro eta erdiko Meninak nituen esku artean, eta horiekin egin behar nuen obra», agitu zuen. Orduan Maurice Ravel konpositorearen lana aztertzen hasi zen. Gutunak aztertzen hasita, Pariseko Operako dantzari batek egin zion eskaera aurkitu zuen.

«Infantaren erretratua deituriko konposizioa eskatzen zion. Ravelek egiteko denbora ez zuenez, hiru konposizio elkartuz egingo zuela esan zuen. Obra horren partizioak enkanteetan saldu ziren eta, inork ez daki zuzen nola landu zituen Ravelek. Gaia interesgarria iruditu zait koreografia egiteko», nabarmendu zuen.

Espainiako artisten aipamenean zegoela, koreografia osatzeko Falla konpositorearen «Maitasun sorgindua» obra oinarritzat hartu zuen. «Bi konpositoreak lagunak ziren, eta koreografiarako loturarik bazela iruditu zait», erran zuen.

Iluntasuna nagusi

Kolore malba eta beltza aukeratu ditu Malandainek koreografia apaintzeko: «obra ez da tristea, baina heriotza oso presente da, beraz ulergarria iruditu zait kolore horiek erabiltzea». Bi obren arteko lotura egiteko, arrosa petaloak baliatu ditu. «Berez, bi obrek ez dute zerikusirik. Lehen partea abstraktuagoa da, eta bigarrenak historia bat kontatzen du», azpimarratu zuen Malanmdainek.

Obra azaltzeko saio publikoak egingo dira ondoko maiatza eta ekaina bitartean Biarrizko Gare du Midi aretoan. Zaragozako erakusketan ere izango da, eta proiektua Nueva Yorken sortua izanik, ekainean bertan ere agertuko dute.

Bi zatiko sorkuntza

«Le portrait de l'infante et l'amour sorcier» bi zatitan banatua dagoen sorkuntza da. Lehen zatian Menina pertsonaiak dira nagusi eta koreografia abstraktoa da, bigarren partea, berriz figuratiboagoa da.

Ballet Biarritz Junior uztailean desagertuko da

Ballet Biarritz Junior izeneko gazte dantzarien konpainia uztailean bertan behera utziko zutela jakinarazi du berriki Ballet Biarritz konpainiak. 2005ean sortua, gazte dantzariei profesionalizatzeko aukera ematea zen taldearen helburua koreografoekin lan eginez, zein agertokian agertzeko aukera emanez.

Malandainek gaia sobera aipatu nahi izan ez bazuen ere, gogoratu zuen orain arte Ballet Biarritz junior bere zuzendaritzapean egon dela: «zuzendaritza lanetatik kanporatzen hasia nintzela ikusi dut».

«Balleta sortu zelarik argi utzi nuen izena Ballet Biarritz Junior izatea ezinbestekoa iruditzen zitzaidala. Oraintsu Filgi Claveriek izena aldatzekotan zirela esan zidan. Ez nintzen ados, Junior Balletak hiru urte baizik ez zituelako», argitu zuen. Balletak aurrera egingo du beraz, Filgi Claverierekin, baina Thierry Malandainek utziko zuela esan zuen. «Jarraituko du, baina beste izen batekin», azpimarratu zuen azkenik. Aldiz, Donostiako Victoria Eugenia antzokiarekin hasitako lana jarraitu zutela argitu nahi izan zuen koreografoak.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo