GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Bertsoak sareratzeko beste aurrerapauso bat euskalTube gunean

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Bertsolaritzak Internetera egin duen saltoa sendotzen ari da azkenaldian. Horren ondorio gisa koka daiteke bertsoa.com edo sarean dagoen bertsoplaza.tv telebista ekimenen sorrera. Horrez gainera, euskalTubeko arduradunek joera berri bat nabaritu zuten: «Gero eta gehiago dira webgune honen bitartez sareratzen diren bertso bideoak». Bertsolaritzak Interneten lortzen ari duen tokia ikusita eta, merezitako arrakasta dela sinetsita, wegune honek bertso eta bertsolariei «aparteko txokoa eskaintzea» erabaki zuen eta kultur adierazpen honekin zerikusirik duten bideoak metatuko dituen kanal berezia bultzatu dute; Zibertso izenekoa, hain zuzen ere.

Hedabide honek izan duen arrakasta itzelaren arrazoi nagusiak eskura jartzen dituen aukera anitzak dira eta euskalTubeko kideek ez dute ahalmen hau ahaztu. Hortaz, kanal berri honen helburua gai berdineko bideoak biltzea baino harago doa. Esate baterako, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatu ez diren bertsolariei «oholtza zibernetikoa» eskura jartzea izango litzateke haien xedeetako bat. Horrez gainera, parte hartzeko aukerak askoz gehiago zabaltzen dira lagunarteko bertsoak edo web-kameraren aurrean botatakoak grabatu eta Zibertso kanalean ezagutaraz daitezkeelako. Haatik, edonori eta edozein unetan luzatzen zaio bertso bat bota eta jendaurrean aurkezteko aukera hau.

Erantzuteko aukera

Bestalde, euskalTube webgunearen aurrean dagoen pertsonak ez du zertan jarrera geldi edo pasiboa hartu behar. Egitasmoaren arduradunek galdera irekia luzatu dute: «Inoiz geratu zara entzundako bertso bati erantzuteko gogoz?». Ildo honetakoa da Internetek eskaintzen duen aukera indartsuena, bideo bat ikusi ondoren ezinegona sortu badu ikuslearengan, honek erantzuteko parada baitauka. Gainera, Zibertso kanalak eduki mota desberdinak metatzen dituenez, ez dira sarean zehar sakabanatuta geldituko.

Eduki moten aldetik, ekimenaren bultzatzaileek azaldu dute gehienbat «plazaz plaza grabatutako hainbat saio, umorezko esketxak eta bertsolariei egindako elkarrizketak dira» orain bitartean igo diren bideo gehienak.

EuskalTube webgune osoan bezala, erabiltzaile gisa izena eman behar da parte hartzen hasteko. Ondoren, kanal zehatz honen taldekide eginez gero, sareratutako bideoak Zibertsora eransteko aukera izango du edonork. Erraztasun asko dira, hortaz, egitasmoko bultzatzaileak egin duten deiari erantzun ahal izateko: «Anima zaitez, beraz, eta bota puntua!».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo