GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pirritx eta Porrotxek 1.500 lagun bildu dituzte euskarazko hezkuntzaren alde

EHBEk hezkuntza sistema nazionalaren alde abian jarritako kanpainaren barruan, Pirritx eta Porrotxek 1.500 lagun bildu zituen ikuskizuna eskaini zuten larunbatean Oreretan. Talde euskaltzaleak salatu du Euskal Herriko haur gehienek (%66) ez dutela euskara ezagutzen.

GARA |

Euskal Herriak Bere Eskola taldeak (EHBE) hezkuntza sistema nazionalaren alde martxan ipini duen kanpainarekin jarraituz, larunbatean Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunek ikus- kizuna eskaini zuten Oreretan. Bertan, Oarso aldeko 1.500 lagun bildu ziren euskarazko emanaldiaz gozatzeko eta EHBEren aldarrikapenak gertutik ezagutu ahal izateko.

Horren haritik, talde euskaltzaleak Nafarroako, EAEko, eta Ipar Euskal Herriko hezkuntza sistemek haur eta gazte gehienei Pirritx eta Porrotx ezagutzea «ukatu» egiten dietela salatu zuen, «eskolak haur gehienak euskaldundu gabe uzten dituelako».

«XXI. mendean Euskal Herrian ikasle gehienak (%66) derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean, 16 urterekin, ez dute euskara menperatzen. Administrazioek euskaraz bizitzeko eskubidea ukatu egiten dute», salatu zuten.

Hala, EHBEren aburuz, «Max Brissonek gidatutako Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herrirako proposatutako 2020 Planak, Xabier Azanzaren Nafarroako Euskararen Institutuaren proposamenek zein Euskal Autonomi Elkartean Tontxu Camposek dekretu berri eta ganorazkoa ez aurkezteak, euskarazko hezkuntzaren egoera beltza iraunaraztea eragin du».

Datorren ikasturtea

Era horretan, datorren ikasturtean Euskal Herriko hizkuntza ereduek ikasleen eskubideak «zapaltzen» jarraitzen dutela salatu zuten. «Iparraldeko eta Nafarroako `zonalde ez euskaldunean' eskola publikoan euskaraz ikastea debekatuta dago; Ipar Euskal Herrian irakasle gutxiago egongo da eta EAEn Eusko Jaurlaritzak A eta B ereduak aukeratzeko eskubidea babestu aldaketarik egin gabe».

Manifestazioa

Hezkuntza sistema nazionala aldarrikatzeko, EHBEk manifestazioa deitu du Iruñean datorren maiatzaren 30erako. Mobilizazioa 18.00etan irtengo da Autobus Geltoki zaharretik «Aski da!» lelopean.

HIRU administrazio

EHBEk kritika egin die bai Max Brissonen EEPk aurkeztatuko 2020 Planari bai Nafarroan Xabier Azanzak gidatzen duen erakundeari bai eta Tontxu Camposek dekretu berri aurkeztu ez izanari ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo