GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Hurrengo urteetan taldean jarrai dezakedala erakutsi nahi dut, postua irabazi»

p051_01_199x116.jpg

Josu AGIRRE

Euskalteleko txirrindularia

Hil honetan 27 urte beteko dituen tolosar honek lehenengo denboraldia du Euskaltelen. Orbean bi urtez egon ondoren, talde laranjak bere lehen itzuli handia egiteko aukera eskaini dio Giroan. Italiako bazterrak gustuko ditu, baina Milaneko helmuga gustukoago izango du bertara iritsiz gero.

Aritz SORZABAL |

Pilotan eta futbolean aritu ondoren, aitaren zaletasunak eraginda hartu zuen bizikleta. Orbean bi urtez ibili ondoren, lehen denboraldia du Euskaltelen eta korritzen duen lehen itzuli handia da aurtengo Giroa. Josu Agirre tolosarraz ari gara, txirrindularitzaz bizitzen jarraitzeko ametsari eutsi nahi dion gipuzkoarraz, hain zuzen ere.

Zure lehenengo urtea da Euskaltelen. Zer moduz ari zara?

Ondo, hobeto ere joan zitekeen, baina pixkanaka-pixkanaka ari naiz taldeko filosofiari egokitzen. Nahiz eta Orbearen filosofia Euskaltelen antzekoa izan, hemen jende indartsua dago, horiei laguntzea da nire lana.

Giroa korritzen duzun lehen itzuli handia da. Nola sentitzen zara halako erronka baten aurrean?

Astebetez baino gehiago ez dut sekula korritu. Ez dit beldurrik ematen, baina errespetua bai. Egunez egun joatea da hoberena. Egin ezin duzuna ibilbideko liburua hartu eta egunekoa baino aurrerago begiratzea da. Hamabosgarren etapan Marmolada igo behar dugula, edo horrelakoekin itsutuz gero, beldurra sartzen da gorputzean. Egunez egun joan beharra dago, egunak ahalik eta hobekien igarotzen. Eta, ahal bada, indarrak gordetzen, taldeari behar denean lagundu ahal izateko.

Zein izango da zure lana taldearen barruan?

Laguntzea, ihesaldietan sartzea eta horrelako gauzak, betikoak. Ez dut uste gertatuko zaidanik, baina ea ihesaldi batean egotea egokitzen zaidan eta azkeneko kilometrotan han egoten naizen, etapako lehian sartzea polita izango bailitzateke. Baina beno, egunez egun joan behar da.

Ibilbidea oso gogorra den arren, zeure burua MIlango helmugan ikusten al duzu?

Egunez egun joan nahi dut. Azkeneko astea oso gogorra da eta oso luzea egin daiteke. Ni bukatzeko asmoarekin nago, ilusio askorekin. Sentsazio onak izan ditut entrenatzen aritu naizen garaian. Ondo sentitzen naiz, gogotsu. Hurrengo urteetan taldean jarrai dezakedala erakutsi nahi dut, postua irabazi. Hurrengo urteetan hor egon nahi dudala erakutsi. Honetan jarraitu nahiko nuke behintzat. Asko eta, aldi berean, gutxi eskatzea da. Ibiltzen zarenaren arabera neurtzen da hori. Nik urtebeterako sinatua dut, eta Giroa eta gero ez dakit zer egingo dudan.

Jendeak ez zaitu gehiegi ezagutzen. Nola definituko zenuke zeure burua txirrindulari gisa?

Ordekan oso eroso sentitzen naiz, baina sasoiko nagoenean goraka ere ondo joaten naiz. Aldapa gora ni baino hobeak badaude, baina baita okerragoak ere. Laguntzeko ere beti nago prest. Taldeko txirrindulariek laguntza eskatzen dizute. Zuk lan hori egin, eta helmugan eskerrak jasotzeak, 25 minutura lehertuta iritsi arren, poz handia eragiten dizu. Asko baloratzen duzu hori.

Taldearen helburua etapak irabaztea da. Zein txirrindulariekin?

Lehenengo hamarren artean norbait sartzea oso zaila ikusten dut, baina Landazule etapetan oso abila da, Koldo -Fernandez de Larrea- azkarra da, eta Galdosek Italian esperientzia du. Markel Irizar, gainera, gero eta hobeto dabil urtetik urtera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo