GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Nazabalek uste baino lan gehiago izan du

J.L. | DONOSTIA

Floren Nazabalek Urrezko Aizkorako final-laurdenetako ligaxkako lehen saioa irabazi zion Lopezi, baina bi aizkolari nafarrek finalerdiak jokatzeko modua izango dute, izan ere, berria atzoko saioa hasi aurretik izan zen.

Multzo honetako hirugarren aizkolaria Anjel Arrospide zen, baina Leburukoa gerriko minak jota dabil, eta ez dago une honetan aizkoran aritzeko moduan; uko egin behar izan dio beraz, lehiaketari. Hori dela-eta, multzo honetan Nazabal lehenengo izango da, eta beste multzoko bigarrenaren aurka jokatu beharko du, eta Lopezek, aldiz, beste multzoko lehengoaren aurka jokatu beharko du finalerdia.

Orduñan izan zuten atzoko norgehiagoka, eta sekulako jendetza batu zen neurketa ikustera. Aizkolariek atzokoan, bost lan ezberdin egin behar izan zituzten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Hori amaitutakoan, kana-erdikoa zutik erdibitu behar izan zuten. Hirugarren proban, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Laugarrenean, 45 ontzako bat zutik, eta bestea etzanda erdibitu behar izan zituzten, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako izan zituzten aizkolariek aurrean.

Lehen lanean Lopez nagusitu zen, 34 kolpetan erdibitu baitzuen 45 ontzakoa, eta baten aldea kendu zion Etxarriko txapeldunari. Bigarrenean, ordea, Florenek buelta eman zion, eta bigarren lana 51 segundotan amaitu zuen, zortzi segundo aterata Lezaungoari.

Hirugarrenean, ordea, Lopezek berriro ere aurrea hartu zuen, 2 minutu eta 16 segundotan burutu baitzuen lana, eta hamar segundo kendu zizkion Etxarrikoari.

Erreakzioa

Nazabalek erreakzionatu beharra zeukan, bestela ezusteren bat gerta baitzitekeen; laugarren lanean neurketa ia erabakita uzti zuen, 2 minutu eta 23 segundotan burutu baitzuen lana, eta 19 segundo kendu zizkion aurkariari.

Azkeneko lanean, iraupenekoan, alegia, ez zen alderik egon, izan ere, bi segundoko tartea besterik ez baitzen izan lehiakideen artean. Nazabalek 8 minutu eta 36 segundotan amaitu zuen, eta bi segundo gehiago behar izan zituen Lopezek. Lan guztiak burutzeko, berriz, Etxarrikoak 16 minutu eta 27 segundo behar izan zituen, eta 16 minutu eta 57 segundo, berriz, Juanjo Lopezek.

Final-laurdenetako ligaxka datorren asteburuan amaituko da, larunbatean eta igandean jokatuko baitira azkeneko bi norgehiagokak. Larunbatean Zeanurin, Olasagasti eta Arria V.a neurtuko dira. Igandean, Legution, Larretxea eta Arria lehiatuko dira. Multzo honetan, orain arte, saio bakarra jokatu da, eta bera Donato Larretxeak irabazio zion Joxemari Olasagastiri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo