Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Aldai Alde izan da lehenengo jardunaldiko ezustekoa
Bizkaitarrek sekulako lana egin zuten, azkeneko hamar minutuetan gainean zituen beste bi aurkariak atzean utzi, eta garaipen handia eskuratu baitzuten
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ezuste eta guzti abiatu zen Euskal Herirko Liga, izan ere, Aldai-Alde izan baitzen lehen jardunaldiko irabazle. Hasieran inor gutxik uste zuen garaipena beraientzat izango zela, baina irabazi egin zuten azkenik, eta sailkapen nagusiko lehen postuan jarri dira. Iaz agertu zuten sasoia baieztatu egin dute beraz.
Sekulako jendetza batu zen Zierbenako hondartzan lehen jardunaldia zuzenean ikusteko asmoz. Bertan ziren lehian arituko diren bederatzi taldeak. Talde bakoitza hiru zulatzailek osatu zuten, ordu erdi zuten lanean aritzeko.
Jaizubia Hondarribikoa zen iazko txapelduna, eta atzo ere beraiek ziren faborito. Aurten gainera, Izuzkizarekin aritu ahal izango dira berriro ere, bere lesioa gainditu baitu.
Egia esan, Zierbenako hondartzara batu zen jendetzak saio ederraz gozatzeko aukera izan zuen, lehen bost taldeen arteko oreka ikaragarria izan baitzen. Hogei minutu joan zirenerako, laurak parekatu samar jarraitzen zuten, ez zegoen aparteko alderik, baina orduan Aldai Alde konturatu egin zen saioa irabazi zezakeela, eta gogor ekin zion azkeneko hamar minututan. Garaipena erdietsi zuten azkenean, eta zaleen txalo artean ospatu. Zentimetro dezenteko aldea kendu zien gainerako taldeei. Saioa amaitzear, garbi zegoen garaipena Aldai Alderentzat izango zela, besteak baino zulo bat gehiago baitzuten amaituta. Bigarren postua, ordea ez zegoen erabakita, eta amaierako neurketak egin arte, ezin izan zen erabaki. Bigarren postu hori, Burdin Gazteak, Ortuellako taldearentzat izan zen, zentimetro gutxi batzuk kendu baitzizkion Jaizubiari. Hortik atzerako taldeen artean, aldea handiagoa izan zen, nahiz eta laugarren posturako lehia handia izan, zentimetro gutxiren tartea izan baitzen Trapagaranen eta Arboledaren artean.
Aldai Alde izan zen onena, 16 zulo eta 3,4 zentimetro zulatuta. Bigarren postuan Burdin Gazteak izan zen, 15 zulo eta 5,7 zentimetrorekin; hirugarren Jaizubia, 15 zulo eta 5,8 zentimetrorekin. Laugarren postuan, Trapagaran sailkatu zen, 14 zulo eta 9,7 zentimetrorekin. Bosgarren Arboleda sailkatu zen, 14 zulo eta 6,7 zentimetrorekin. Seigarren, Gallarta 13 zulo eta 1,7 zentimetrorekin. Zazpigarren, Txoriherri sailkatu zen, 11 zulo eta 6,7 zentimetro zulatuta. Zortzigarren, Kabiezes, 10 zulo eta 5,2 zentimetrorekin; eta, azkena, Errekatxo, 9 zulo eta 6,2 zentimetrorekin.
Bestetik, gogora ekarri beharrekoa da, aurten beteko direla hamar urte harri-zulatzaileen Liga hasi zenetik, eta hori ospatzeko antolatzaileek DVD bat kaleratu dutela. Bertan azkeneko hamar urte hauetako irudirik ikusgarrienak ikusi ahal izango dituzte zaleek.
Lehenengo hiru taldeen artean sekulako lehia izan zen, eta azkeneko minutuak bitarte ez zen izan garailea zein izango zen jakiteko modurik, nahiz eta amaieran Aldai Aldek zulo bat gehiago zuela ikus zitekeen
Hondarribikoak dira egungo txapeldunak, baita aurtengoa irabazteko faboritoak ere. Lehenengo jardunaldian, iazkoan bezalaxe, ezin izan dute garaipenik erdietsi, eta hirugarren postuan geratu dira