GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Larretxea eta Arria Urrezko Aizkorako finalerdietan izango dira

J.L. | DONOSTIA

Larretxeak eta ArriaV.ak lortu zuten atzo Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela. Nafarra multzoko lehen gisa sailkatuko da, eta errezildarra, berriz, bigarren postuan.

Finalerdietako ligaxkako bigarren multzoko azkeneko bi jardunaldiak jokatu zituzten herenegun gauean eta atzo eguerdian. Herenegun iluntzean, Zeanurin Arriak Olasagastiri irabazi egin zion, eta hala, finalerdietarako txartela eskuratu zuen. Atzo Legution zen jokatzekoa, baina antolatzaileek lekuz aldatzea erabaki zuten, eta azkenean Meñakan izan zen neurketa horretan, Larretxeak irabazi zion Errezilgo aizkolariari.

Bi egunetan kirolariek lan bera egin behar izan dute. Hasteko, 45 ontzako enborra ahalik eta kolperik gutxienean moztea zuten helburua. Bigarren lanean, berriz, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu ziren. Hirugarren lanean, kana-erdiko enborra izan zuten zutik. Laugarrenean, 60 ontzakoarekin abiadura proba egin zuten. Azkenaurreko lanean, 45 ontzako enborra zutik, eta beste bat etzanda izan zuten, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.

Herenegun, Olasagastik derrigorrez irabazi behar zion Arriari, lehen jardunaldian galdu egin baitzuen Larretxearen aurka. Galdu egin zuen, ordea, eta Arriak sailkapena lortuta zuen. Errezildarra nagusi izan zen kolpekako proban, 30 kolpetan erdibitu baitzuen enborra, eta biko aldea kendu zion. Bigarrenean, berdinduta geratu ziren, 49 segundotan bukatu zutelako lana. Hirugarrenean, minutu eta 41 segundotan amaitu zuen lana errezildarrak, eta 23 segundo kendu zizkion Igeldokoari. 60 ontzakoa, berriz, minutu eta 10 segundotan amaitu zuen Arriak, eta zazpi segundotako aldea kendu zion.

Bi enborreko laneko denbora, 2.35 izan zen Arriarena, eta beste sei segundoko aldera hartu zion Igeldokoari. Lan luzean, ordea, Olasagastik irabazi zuen; 9.23 izan zen bere denbora, eta 9.46 Arriarena. Lan guztiak burutzeko, 16 minutu eta 31 segundo behar izan zituen Arriak, eta 16.45 Olasagastik.

Atzoko neurketak ez zuen izan emoziorik, Larretxeak erraz menderatu baitzuen Arria. Gipuzkoarra ordu batzuk lehenago aritua zen, eta finalerdietan sartuta zegoenez, nahiko lasai aritu zen.

Nafarrak proba guztiak ongi irabazi zituen, eta lan guztiak burutzeko, 17 minutu behar izan zituen. Arriak, berriz, 18 minutu eta 30 segundotan amaitu zituen lanak. Finalerdietan, Larretxeak Lopezekin jokatu beharko du, eta Arriak, berriz, Nazabalekin.

23 urtetik beherako lehen finalerdia ere jokatu zen, eta Mugertza II.ak mendean hartu zuen Atutxa II.a. Gipuzkoarrak 11 minutu eta 38 segundotan amaitu zituen lanak, eta 12.41en bizkaitarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo