GARA > Idatzia > Mendia

Mendi Ibilaldiak Tolosako «XIV Orduak»

Festa handia Aralarko martxa nagusian

2.825 mendizalek hartu zuten parte joan den igandean egin zen iraupen luzeko ibilaldian. Lehenengo taldeak 05.00etan irten ziren, eta helmugara azkenak 21.00etan iritsi ziren

Andoni ARABAOLAZA | TOLOSA

Nahiz eta jarduera gogorrak diren, iraupen luzeko martxek jarraitzaile mordoa dute. Eta, gezurra badirudi ere, ibilaldi guztien artean gogorrenak dira parte-hartzaile gehien jasotzen dituztenak. Eta hori gertatzen zaio, adibidez, Tolosako Aralarko Adiskideak mendi elkarteak antolatzen duen «XIV Orduak» hitzorduari. Euskal Mendizale Federazioak prestatutako egutegiaren barnean dago martxa hau eta, araudiak argi asko azaltzen duenez, lehiak ez du lekurik.

Lau urtean behin izaten da mendi jarduera hau egiteko aukera eta, antolatzaileek adierazi duten bezala, aurtengoa erabat biribila atera da. Beldur ziren eguraldiarekin; izan ere, igande arratsalderako euria zegoen iragarrita. Baina, zorionez, balizko ekaitza eta euria ez ziren izan protagonista (zorionez, 22.30etik aurrera azaldu ziren). Bai, ordea, «XIV Orduak» martxan parte hartu zuten 2.825 mendizaleak. 68 kilometroko ibilaldia eta ia 2.000 metroko goranzko desnibela zituzten aurretik. Lehenengo taldeak (lau kidez osatutakoak) 05:00etan irten ziren Tolosatik eta, hortik aurrera, irteera korapilatsua ez izateko, 20 talde minuturo.

Tolosa, Uli, Gorriti, Lekunberri, San Miguel, Igaratza, Amezketa eta berriro Tolosa zituzten igaro beharreko puntu ezagunenak. Mendizaleak Aralarko mendilerroan barrena ibili ziren eta, oro har, ez zen batere arazorik izan. Hori dela-eta, antolatzaileak pozarren ziren: «Den-dena primeran atera da: eguraldiak lagundu digu, minik hartutako ibiltaririk ez da izan, antolaketan ez dugu arazorik izan... Eta, gu bezala, martxa bukatu duten mendizaleak ere pozik ziren».

Irteera bezala, Berazubiko estadioa izan zuten helmuga, eta azkenak 21.30ean iritsi ziren. Behin helmugan, «XIV Orduak» ibilaldia bukatu zuten guztiek diploma bana jaso zuten. Opari gisa, berriz, bizkar-zaku teknikoa.

Mendizale gehienek erakutsi zuten martxara sasoiko iritsi zirela, eta horrek antolatzaileak harritu ditu: «Aurreko ekitaldian, adibidez, azken mendizaleak 23.00etan iritsi ziren. Aurten, berriz, 21:30ean. Sasoiko ikusi ditugu, askok eta askok oso azkar bukatu baitute ibilbidea». Horrela bada, beste ekitaldi batez Tolosako «XIV Orduak» martxa erabat arrakastatsua izan da. Ahaztu baino lehen, parte-hartzaile askok zoriondu nahi izan dute antolatzaileek egin duten lan eskerga.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo