GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada Espainiako Kopa

Gazteenak bikain Bartzelonako lehian

Espainiako Eskalada Kopan joan den larunbatean jokatu zen lehenengo proban euskal selekzioko gazteek hiru podium erdietsi zituzten. Nagusien mailan, Gorka Karapeto laugarren izan zen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Eskaladako zailtasuneko probak, ofizialak bederen, hasi dira dagoeneko. Eta lehenengo hitzordua FEDMEk antolatutako Espainiako Kopa izan dute. Hiru proba ditu, eta lehenengoa joan den asteburuan jokatu zen Bartzelonan; ohi den legez, bi mailatan: gazteak eta nagusiak. Azken urteotan bezala, aurten ere euskal selekzioko ordezkariak lehiatu dira. Ostiralean, Diman, hauen aurkezpena egin zen eta, bukatu bezain laster, Bartzelona aldera abiatu ziren. Oro har, batez ere gazteen mailan, esan daiteke emaitza onak lortu direla. Bai, gazteenek hiru podium bereganatu zituzten. Nagusietan, berriz, finalean izan genuen ordezkari bakarra Gorka Karapeto izan zen; laugarren sailkatu zen.

Eta nagusien kronikarekin hasiko gara, hauek izan baitziren lehiatzen lehenengoak. Larunbat goizean jokatu ziren sailkapenak. Nesken mailan, adibidez, iazko Kopako irabazleak, Irati Andak, ezin izan zuen parte hartu. Eskumuturrean mina du eta, bere hutsunearen ondorioz, argi asko ikusi zen eskalatzaileen indarrak nahiko parekatuak daudela. Finalera zortzi lagun iritsi ziren; tartean, euskal ordezkari bakarra: Itziar Rodriguez. Batez ere lehenengo sailkatuen artean oso norgehiagoka estuak izan ziren eta lehenbiziko hiruren artean doi-doi izan zen alderik. Azkenean, Andrea Cartas-ek poltsikoratu zuen Espainiako Kopako lehenengo garaipena. Haren atzetik sailkatu zen faborito nagusietako bat den Daila Ojeda. Hirugarren postua, berriz, Sara Aicart-entzat izan zen. Rodriguez zazpigarren sailkatu zen.

Mutilen lehiak oso ikusgarriak izan ziren. Sailkapenetan ikusi zen lehiakideen maila nahiko altua zela eta finalera sartzeko oso jardun ona egin behar zela. Soilik bi lagunek kateatu zuten sailkapeneko bidea: Ramon Julian-ek eta Marco Jubes-ek. Gorka Karapetok ondo baino hobeto eskalatu zuen eta, top egin ez arren, finalean sartu zen seigarren postuan. Finaleko euskal ordezkari bakarra izan zen. Antton Zabala 19.a izan zen, eta hortik aurrera Jabi de la Fuente, Aritz Dominguez, Ekaitz Maiz eta Oier Iribarren sailkatu ziren.

Finalean zortzi lagun eta aurrean bide oso gogor bat. Oraingo honetan soilik Ramonetek erdietsi zuen bidea kateatzea; aise irabazi zuen. Bigarren Jubes izan zen, eta hirugarren postuan Erik Lopezek eta Karapetok berdindu zuten. Lopez, sailkapenetan lortutako emaitzari esker, azkenean hirugarrena izan zen Bartzelonako proban eta azpeitiarra laugarren.

Karapetok adierazi digunez, gustura geratu da lehenengo proba horretan egindako lanarekin: «Lehenengo hitzordua zen eta oso gustura eskalatu dut. Beste urte batzuetan gaizki hasten nintzen; iaz, adibidez, bederatzigarren izan nintzen. Eta aurtengo lehenengo proban laugarren sailkatu naiz. Sailkapeneko bidea gogorra zen, eta oso goian erori nintzen. Finala, berriz, are gogorragoa izan zen. Hasieratik ez zuen barkatzen, eta lehiakide batzuk bigarren txapan erori ziren. Nik hori gainditu eta ikusleak txalotzen hasi ziren; orduan ohartu nintzen batzuk pauso horietan erori zirela, besteak beste, faboritoetako bat: Pablo Barbero. Zati hori gainditu ondoren, ondo eskalatu nuen, baina sabaian, ia denek bezala, bukatu nuen nire jarduna. Oro har, uste dut lehenengo proba honetan ondo aritu naizela».

Gazteak ez ziren kikildu

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako euskal selekzioak gazteen mailan aurpegi berriak izan ditu; zirkuitu ofizial honetan lehenengo agerraldiak zituzten eta lasai askoz esan daiteke ondo aritu zirela. Gazte hauen lehiak, bai sailkapenak bai finalak, igandean jokatu ziren.

16 urtez azpikoetan, Mikel Markinez zazpigarren izan zen. 18 urtez azpikoetan, Maite Etxezarretak, ondo eskalatu ondoren, hirugarren postua eskuratu zuen. Berri pozgarriena mutiletan iritsi zen: Jon Beñat Agirrek bigarren postua erdietsi zuen. Aritz Dominguez hirugarren izan zen, Josu Viejo laugarren eta Iñaki Viejo zazpigarren. Eta 20 urtez azpikoetan, Oier Iribarrenek ezin izan zuen podiumean sartu eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Mikel Velasco bosgarren sailkatu zen eta Mikel Olivera hamargarren.

Ikusitakoaren arabera, 18 urtez azpikoetan hiru podium izan ziren. Horietako bi Arrasateko Teknifikazio Zentroko bi ordezkarik lortu zituzten: Etxezarretak eta Agirrek. Agerikoa denez, taldeko arduradun den Josean Mulas-ek oso lan ona egiten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo