GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi emakumeri eraso diete beren bikotekideek Plentzian eta Gasteizen

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu azken egunotan Plentzian eta Gasteizen beren bikotekideei erasotzea egotzita. Bestalde, Nafarroako Auzitegiak indarkeria sexistaz akusatutako gizon baten aurkako epaia berretsi du, eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio.

GARA |

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu azken egun hauetan, Gasteizen eta Plentzian, beren bikotekideei erasotzea leporatuta, Lakuako Barne Sailak atzo aditzera eman zuenez.

Iturri berberek jakinarazi zutenez, astelehenean arratsaldeko bostetan jaso zuten Jundizmendi auzoko etxebizitza batera joateko abisua. Bertan, erasoa jasandako emakumea topatu zuten. Lakuako iturrien arabera, lepoan zauriak zituen eta ertzainei azaldu zien bikotekideak eraso egin ziola eztabaida bat izan ostean, eta mehatxuak ere egin zizkiola. Emaku- mea Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten, zauriak sendatzeko. Bien bitartean, ertzainek ustezko erasotzailea atxilo- tu zuen, J.B.D., 26 urtekoa.

Atzo goizaldean, berriz, ertzainek Plentziako etxebizitza batera joateko deia jaso zuten. Erasoa jasandako emakumeak zauria zuen begian eta minduta saihets aldea. Honek ere, bere bikoteak eraso egin ziola adierazi zion Polizia autonomikoari. Anbulantzia batean eraman zuten emakumea Gurutzetako erietxera. Ertzainek, ustezko erasotzailea, FJ.H.A., atxilo hartu zuten, indarkeria sexista egotzita. Bi atxilotuak atzo ziren epailearen esku geratzekotan, polizia eginbideak amaitu ostean.

Bestalde, Nafarroako Auzitegiak gizon baten aurkako epaia berretsi egin du. Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, eta 189 euroko kalte-ordaina pagatzeko betebeharra ezarri dizkio.

Epaiak frogatutzat eman du hari egotzitakoa. Izan ere, 2007ko uztailaren 14ko eguerdian akusatuak emaztearekin eztabaida izan zuen beren etxebizitzan, gizonak, bere jaioterrira, Marokora, joateko eskatu ziolako emakumeari, eta honek ezezkoaz erantzun. Eztabaidan, gizonak emazteari ukabilkada bat eman zion begian, epaiaren arabera. Ondoren, erratza hartu, eta buruan eta besoan jo zuen. Jipoiaren ondorioz emakumeak ubelduak zituen begian, besoan eta buruan.

Gainera, epaiak dioenez, gizonak ezin izango du bere emaztearengana gerturatu eta, gutxienez, 200 metroko tartea zaindu beharko du, urtebete eta bederatzi hilabetez. Halaber, urtebetez armarik ezingo du izan.

Iruñean bestalde, gizon bati 3.240 euroko isuna eta 1.000 euroko kalte-ordaina ezarri diote sexu erasoa egotzita. Epaian jaso denez, 59 urte dituen P.G.G. 22 urteko emakume gazte batengana hurbildu zen, 2006ko urriaren 13an, eta ipurdian ikutu zuen; neska telefono kabina batean gorde zen, baina gizona berriz bertaratu, eta ikutu egin zuen. Handik igarotako bi laguni laguntzeko eskatu behar izan zien neskak.

 

sinesgarritasuna

Sexu erasoa egotzita epaitu duten Iruñeko gizonak ez duela ezer gogoratzen adierazi zuen. Epaileak, ordea, emakumearen testigantzari sinesgarritasun osoa eman dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo