GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jon Lejarreta eta Josetxo Aizpurua LAB unibertsitateko sail sindikala

UPV-EHUren geroa jarraikortasunetik harago

Oraindik ere, UPV- EHUren finantziazioaren nahikotasuna eta egonkortasuna ez da bermatu. Oraindik UPV- EHUren aurrekontua BPGren %0,66 baino ez da, goi mailako ikasketetarako Europako batez besteko gastua %1,2koa denean

UPV-EHUko errektorearen, Juan Ignacio Pérezen, agintaldiaren balantzea egiteko garaian eta hautes-programa aztertzerakoan nabarmen ikusten da lau urte hauetan egindako ibilbidean jarraitzeko asmoa duela. UPV-EHUren zuzendaritzak, Jaurlaritzarekin sintonia osoan, Lisboako estrategiaren bidetik unibertsitatearen erreferentzialtasuna neoliberalismoan eta erregionalismoan kokatu zuen, eta oraingo programan ere kokapen bera du.

Gure ustez UPV-EHUk euskal jendartearen nahiak bideratzeko, kontraesanak askatzeko eta soluzioak proposatzeko funtsezko tresna izan behar duenez, Europako unibertsitate eremu berrian UPV-EHUk izan beharreko ezaugarrien definizioa unibertsitate komunitatearen parte hartzearekin gauzatu behar da. Marko horretan, Errektore talde honek ez du hausnarketa horretarako aukerarik eman eta programan ere ez du horretarako biderik zabaldu.

Lan harremanei dagokienez, ia lau urte geroago eskaintzen digute negoziazioetarako Jaurlaritzarekin mahai teknikoa osatzea, hauteskunde gai gisa.

Administraziorako eta Zerbitzurako Plantillaren kasuan (AZP), plantillaren hazkundea da izarra, hazkunde horrek UPV-EHUk beharrizanak aseko ez dituen arren (hala aitortu dute onartutako dokumentuetan). Azken lau urtetan, AZPren kasuan, halako tamainako prekarietatea izanik (%75etik gorakoa), Egonkortasun Akordioa, Lan Eskaintza Publikoa eta plantillaren hazkundea adostu izan arren, aldi berean, prekarietate poltsa gehiago sortu dira ikerkuntzan eta pribatizazioaren arriskuak daude IKT zerbitzuan. Une honetan, hainbat arlotako egituren osaera irizpide orokorrik eta sindikatuen parte hartzerik gabe ari dira egiten, AZPren lan harremanen esparrua arriskuan jarriz.

Irakasleen kasuan, plantillaren garapen propioa egiteko aukerari ez dio behar adinako bultzada eman, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea 2004an indarrean sartu arren. Lan-legepeko irakasle finkoaren irudiak gauzatu gabe daude oraindik eta, ondorioz, irakasle askoren eskubide akademiko eta laboralak murriztuta jarraitzen dute. Prozesua oraingo agintaldian gauzatuko omen da. Soldatak duintzeko bide bakarra banakako osagarrien sistema berriaren bidezkoa eskaini dute, Iztuetarekin 2004ean sinatutako akordioen ondorioz. Sindikatuekin 2006an hitzarturiko akordiotik bi urtera, administrazioek egindako kudeaketa penagarriaren ondorioz, gauzatuko da azkenean. Hautes-programan irakasleen soldata hobetzeko Madrilera begira egiten dute proposamena.

Aurkezten duten programan UPV-EHUren finantziazioak izandako hazkundea goraipatu dute, baina ez du aipamenik egiten datozen lau urteotan nola handituko den finantziazio publikoa. Aldiz, Unibertsitate Planean jasota dago finantziazio pribatua zein ikasleen tasak izango direla diru iturri berriak. UPV-EHUk jasoko duen ohiko finantziazioa ez da nahikoa, nahiz eta inbertsioetarako finantziazioa (azpiegiturak) eta kontratu-programen bidezko finantziazio osagarria hazi diren, oraindik ere, UPV-EHUren finantziazioaren nahikotasuna eta egonkortasuna ez da bermatu. Oraindik UPV-EHUren aurrekontua BPGren %0,66 baino ez da, goi mailako ikasketetarako Europako batez besteko gastua %1,2koa denean.

Unibertsitatean sakoneko aldaketak bultzatzean (Bologna), euskararen normalizaziorako aurrekontu sailak izoztuta izateak eta I. Plan Gidaria baino harago ez joateak euskararen normalizazioaren arriskuak biderkatzen ditu. Euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea aurreikusi dutela esan daiteke. Euskaraz ikasi nahi duten ikasleak erdarazkoak baino gehiago dira azken urteotan. Kuantitatiboki euskaraz eskaintzen dituen ikasgai eta zerbitzuak gero eta zabalagoak badira ere, ikasleen hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta, izan ere, oraindik ere euskarazko eskaintza gaztelanizkoa baino murritzagoa baita. Halere, adostutako II. Unibertsitate Planaren arabera ez dago irakasle euskaldun gehiago kontratatzeko dirurik.

Errektore taldeak Euskal Herriari begira ez du deus aurreratu. Unibertsitate legean aipatzen den Euskal Herriko unibertsitateen artean sarea egikaritzeko ahaleginik txikiena ere ez du burutu eta asmorik ere ez du azaldu. Duen dimentsiogatik UPV-EHUri dagokio euskal unibertsitate sistemaren oinarriak eraikitzen hastea eta elkarlana abiaraztea.

Halaber, Berdintasunerako Zuzendaritza sortzearekin genero berdintasunaren erronka berea egin duen arren, ez du helburu «estrategiko» bilakatu. Genero berdintasunerako plan eraginkorra taxutzeko asmoa agertzen bada ere, II. Plan Unibertsitarioan ez da finantziaziorik jaso; baliabide falta horrek adieraziko luke ematen zaion garrantzia.

Iragan lau urtetan aukera asko galdu dira UPV-EHU Euskal Herriaren zerbitzuan jartzeko, langileekin proiektu «ilusionanteak» partekatzeko, ikasleak protagonista bihurtzeko... Pérezek orain eskaintzen duen «aro berrirako» programa aurrekoaren jarraipenaren itzala baino ez da. Gure ustez, hautes-programa hortik gauzatuko balitz beste aukera bat galduko litzateke. LABek, langileen defentsan, eta Euskal Herrirako bestelako unibertsitatearen aldeko lanari tinko eutsiko dio, gero eta sektore gehiago ari baitira horren aldeko konpromisoa hartzen UPV-EHUn.

(*) Jon Lejarreta eta Josetxo Aizpuruaz gain, Deine Larrabeiti eta Jon Ander Elorriagak ere sinatu dute artikulua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo