GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasun astea abian da Lazkaoko San Benito ikastolan

GARA |

Astelehenean abiatu eta ostirala bitarte, Elkartasun astean erabat murgilduta izango dira Lazkaoko San Benito ikastolako ikasle, irakasle eta Lazkaoko herritarrak. Badira zenbait urte Lazkaoko Rwanda elkartea, ruandar herriari laguntzeko saiakeran dabilela, herritarren artean sentsibilizazioa bultzatuz. Asmo horretan, San Benito ikastola bidaide egin zuen eta harrezkero, zortzi urtetan antolatu izan dituzte elkartasun ekimenak bai ikastolan, bai kalean.

Aste honetan zehar, San Benitoko ikasleek, elkartasunaren eta hirugarren munduko arazoekiko kontzientziazioaren alde lan egingo dute, eta horretaz gainera, lortutako diruarekin Ruandan bertan hiru ikasgela egingo dituzte, Gihara izeneko herriko eskolan. Elkartasun astean bildutakoa, eta bai Gabonetan, bai Santa Ageda eguneko kantaldian eskuratutako dirua proiektu honetara bideratuko duela adierazi du Lazkaoko ikastolak.

Egun guztietan izango dira ekitaldiak antolatutako egitarauaren arabera. Hala, elkartasun jokoak eta giza-katea egingo dituzte haurrek gaur goizean. Bihar, kooperazio jokoen eta ipuinen txanda izango da Emaus erakundearen eskutik, eta asteari bukaera emateko Elkartasun Festa egingo dute etzi, San Prudentzioko patioan, 18.00etatik aurrera. Ikastolako ikasleek berek prestatutako ikuskizuna eskainiko dute gurasoentzat eta herritarrentzat, eta antzerkia, txisteak edota musika ez da faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo