GARA > Idatzia > Mundua

Beste lurrikara baten beldurrez, kalera irten dira Sichuango biztanleak

Lurrikara gehiagoren beldurragatik, Chengdu eta inguruko herrietako biztanleek, ahalik eta gauza gehien hartu, eta aire zabaleko lekuetan kanpaldia egin dute. Agintariek garrantzia kendu zieten arreta deiei, hiritarrak lasaitu nahian. Atzo bigarren dolu eguna izan zen Txinan.

p025_f01_148x108.jpg

GARA |

Berriz lurrikararen bat izango ote den beldur dira oraindik orain Sichuango biztanleak. Jendea bizirik topatzeko aukerak urriak diren arren, atzo salbamendu taldeek 31 urteko Ma Yuanjiang onik ateratzea lortu zuten lan egiten zuen fabrikaren hondakin artetik. Zortzi egun zeramatzan harrapatuta. Harengana iristeko 30 ordu behar izan dituzte, tunel bat eraikiz, eta bitartean, lasto baten bidez ura azukrearekin eman diote. Kasu hori mirari hutsa da, ordea. Hildakoen %80 lurperatu edo erre dituzte jada. Agintariek eratu duten azken txostenak dioenez, 40.075 pertsona hil da, gehienak Sichuanen. Kaltetutako inguru hori, Belgika baino hiru aldiz handiagoa da.

Bost milioi lagun eta gehiago etxerik gabe geratu da. Orain, gaixotasunen eta lurrikara gehiagoren beldur dira. Hori dela-eta, askok ihes egin du, berreskuratzea lortu dituzten gauzak, lastairak, arropa eta aulkiak, besteak beste, hartu, eta aire zabaleko lekuetara (parkeetara adibidez). Miayang-en, epizentrotik gertuen dagoen hirian, hotel bateko langileek alde egiteko eskatu zieten bezeroei.

Halako alerta deiek sinesgarritasunik ez dutela eta ardura gabekoak direla azaldu zuen Du Jianguo adituak. «Lurrikara baten ondotik beste batzuk egotea ohikoa da. Baina, noiz gertatuko diren, eta zenbateko indarrarekin, jakitea ezinezkoa da», esan zuen. Sinesgarriak izan edo ez, Chengdu eta gertuko hirietako biztanleek kanpaldirako materiala erosi, eta beste gau bat pasa zuten kanpoan, izarrei begira. «Maindireekin kanpadenda gisako bat egin genuen atzo. Baina, orain euria ari du. Espero dugu, benetako oihal-etxola izatea laster», adierazi zuen 30 urteko ikasle batek. «Bizilagun guztiak etorri dira hona», gaineratu zuen Yuan Limeik.

Chengdu erdialdean, askok eskuko telefonoen bidez albisteak entzuten zituzten, gertatzear zen balizko lurrikararen gaineko azken berriak jaso nahian. Beldurra eta ezinegona ziztu bizian hedatu dira. Astelehen gauean, mediku eta erizainak ospitalean zeuden 4.000 gaixoak lasaitzen saiatu ziren.

«Arriskurik ez dagoela azaldu genien, eraikinak zortzigarren maila arteko lurrikara jasan dezake-eta. Hala ere, askok kanpoan lo egitea erabaki zuten. Denda bereziak ipini behar izan genizkien», helarazi zuen Jiang Xianfei bozeramaileak. Beste egun batez ere dolu eguna izango da Txinan.

igelak eta apoak

Egunotan, milaka igel eta apo errepideetara irten dira. Zunyi-ko biztanleen ustez, animalien emigrazioak beste lurrikara edo hondamendi naturalen bat iragarri ohi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo