Iñaki Otxoa de Olzaren egoera latza, esperantzari tartea uzteko nahia
Kezka da nagusi Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarraren egoeragatik. Horia Colibasanu errumaniarrarekin batera Annapurnako gailurrera iristear, atzera egitea erabaki zuten biek, Otxoa de Olzak eskuetan izozte zantzuak zituela-eta. Beherantz abiatu, eta 7.400 metroko kotaraino jaitsi ziren. Nafarraren egoerak okerrera egin zuen, ordea, Colibasanuk berak senideei esan zienez. Kezka eta ziurgabetasuna batuko ziren orduan, bi mendizaleen satelite bidezko telefonoari bateria agortzean.
Kezka handia, ezin bestela izan, Otxoa de Olzaren osasunagatik eta bi mendizaleen egoeragatik; izan ere, azken berrien arabera, egoera erabat zaila baita. Dauden lekuraino helikopterorik iristea ezinezkoa da, gainera, eta luze joko luke, egun eta erdi inguru, salbamendu talde batek harainoko bidea egiteak. Hala ere, Otxoa de Olza esperientzia handiko mendizalea da, maila horretako jardunean egoera latz askori aurre egindakoa; ez alferrik, 15 aldiz igo ditu hainbat zortzimilako eta, egoeraren larria ukatu gabe ere, esperantzari tarte bat utzi behar zaio, mendizaleen komunitateak eta mendia hain gogoko duen gizarte honek, oro har, handia izatea nahiko lukeen tartea. Hala izango ahal da.