Leioa, Unibertsitatearen norabidearen isla
Atzo Leioako campusean izan ziren istiluak ikasleen jarrera petral eta bortitzaren erakusgarri gisa aurkeztuko dituzte batzuek. Izan ere, errektoreak gazteen aurkako akusazio gogorrak egin zituen ondotik. Hala ere, beste hainbatek Unibertsitatearen norabidearen erakusgarri izan zela uste izango du. Ikasleek testu bat helarazi nahi zioten errektoreari, besteak beste, Bologna prozesuari ikasleek esandako ezetza kontuan hartzeko, polizia indarrak unibertsitatetik atera ditzan, eta errepresio dinamika bertan behera uzteko -urtarrilean gertatutako istiluengatik auzitegi batek zitatu dituen sei gazteak gogoan-. Zer erantzun, argi izan zuten: lehenengo zinpeko zaintzaileak, eta gero Ertzaintza bera, eta ez ziren egoera baretzeko gai izan ikasleak jipoituz baino. Haietako bi ospitalera eraman behar izan zituzten; beste hiru, berriz atxilotu egin zituzten.
Leioako istiluak Bologna prozesuaren lagin gisa har litezke. Ikasleei funtzio guztiz pasiboa esleitu, eta beren etorkizunaren gaineko erabakietan parte hartzea debekatzen dien ereduaren adibide. Unibertsitatea, prestakuntza teknikoaz gain ikasleek irizpide propioa izaten lagundu beharko lukeena, merkatuaren neurriko instituzio hutsa nahi dutela salatu izan dute gazteek eta, atzo ikusitakoaren arabera, eztabaidaren ordez, besteek erabakitakoari men egitea, edo egurra, besterik ez die eskaintzen ikasleei.