PSNko talde ofizialak lortutako emaitzak «historikotzat» jo ditu
PSNko Antolakuntzako idazkari eta sektore ofizialeko kide Samuel Carok alderdiko biltzarrerako ordezkariak aukeratzeko herenegun Iruñean egindako batzarrean lortutako emaitzak «historikoak» direla nabarmendu zuen atzo. Bertan, Roberto Jímenez hautagai ofizialak 36 ordezkari lortu zituen eta Angel García Undiano eraberritzaileak, berriz, soilik 17.
GARA |
Samuel Caro PSNko Antolakuntzako idazkaria pozik azaldu zen atzo Roberto Jiménezek ekaineko Biltzarrerako ordezkariak aukeratzeko Iruñeko batzarrean lortu zituen emaitzekin. Egun, Jiménez Nafarroako Parlamentuan bozeramaile da, eta PSNko sektore ofizialak aurkeztutako hautagaia. Astelehenean Iruñeko batzarrean 36 ordezkari lortu zituen, Angel García Undiano eraberritzailea buru zuen zerrendak 17 lortu zituen bitartean. Dena dela, Gazte Sozialistek ere batzarra izan zuten, eta bertan aukeratutako 11 ordezkariak talde berrritzailearen aldekoak dira. Beraz, azken batean, bi sektoreen arteko aldea 8 bozekoa izango litzateke.
Oraingoz, talde ofiziala edo jarraipenaren aldeko hori izan da ekaineko Biltzarrerako hautagaitza publikoki aurkeztu duen bakarra, baina ziurrenik gaur aurkeztuko du oposizioko taldeak bere zerrenda eta Amanda Acedo izango da zerrendaburua.
Hein horretan, Carok ohartarazi zuen herenegungo emaitzek «Roberto Jiménezen indarra agerian» utzi dutela, eta haren garaipena «historikotzat» jo zuen. «Emaitza horiek ez dira batere harrigarriak, espero litekeena baizik. Gizarteari ilusioa itzuliko dion proiektu indartsu bat eratzeko bidean doaz».
Emaitzok «zerrenda nagusia osatzen dugunok egin dugun lanaren isla» direla eta berak, PSNko Antolakuntzako idazkari den aldetik, «Biltzarrerako ordezkariak aukeratzeko prozesuak ondo funtzionatzea» zainduko duela esan zuen, eta hau- tagai guztiek «aukera berberak» izatea bermatuko duela.
Duela lau urte, 2004an, Carlos Chivite eta Juan José Lizarberen arteko lehian, Iruñeko batzarrean bigarrenak 50 bozeko aldea lortu zuen baina, azkenean, Chivite izan zen garaile Biltzarrean, eta alderdiko idazkari nagusiaren postua kendu zion Lizarberi. Kontuan hartu behar da Iruñeko batzorrean ekaineko Biltzarrean izanen diren hautagai guztien %30 aukeratzen dela eta beraz, hurrengo asteetan toki-ko elkarteetako batzordeetan emango dituzten emaitzak oso garrantzitsuak izango direla.
Ostegunean Tuterako batzarra bilduko da, eta Biltzarrerako 11 ordezkari aukeratuko ditu. Cascanten bihar izanen da batzarra, eta 6 ordezkari izendatuko ditu; Milagron ostiralean, 2 ordezkari hautatuz; Lizarran larunbatean, beste 6; eta Altsasun, datorren asteko ostegunean, 2 ordezkari.
Bi taldeak, pozik
Bezperako emaitzekin, bai Roberto Jiménez, bai Amanda Acedo oso pozik azaldu ziren atzo. Lehenak ziurtatu zuen argi duela bera buru duen proiektuak hurrengo «hauteskundeak irabaziko dituela», baina dena dela, emaitzak «apaltasunez» jaso dituela nabarmendu zuen, «Iruñeko kideek gugan erantzukizun handia ipini dutela ohartzen garelako».
Acedok bestalde, adierazi zuen emaitzekin «oso kontent» dagoela, zerrenda prestatzeko «denbora gutxi» izan dutelako. «Espero genituen halako emaitzak, gure hautagaitza azkenengo unean aurkeztu baitugu». Bere zerrendako hautagaiek «al- derdia eraberritzearen aldeko apustu garbia» egiten dutela agertu zuen, eta PSN «alderdi indartsua eta irabazlea» egitea bilatzen dutela, hein horretan, «hiru urte barru UPNri Gobernua kentzea lortu ahal izateko».
Herenegun Gazte Sozialistek ekaineko Biltzarrerako hamaika ordezkari aukeratzeko batzarra izan zuten, eta talde eraberritzailearen alde daudela adierazi zuten guztiek. Beraz, oraingoz ofizialen eta eraberritzailen aldeko tartea zortzi bozekoa da.
Iruñeko batzarrean aukeratu zuten biltzarrean izanen diren ordezkari guztien %30, eta orain Nafarroako gainerako lekuetako batzarrek aukeraketa egin beharko dute aurkezten diren zerrenden artean.
Amanda Acedo PSNko talde eraberritzaileko buruak alderdiko idazkari nagusi izateko hautagai gisa aurkeztuko du gaur bere burua. Azken aste hauetan Roberto Jiménez hautagai ofizialari aurre egiteko zerrendako burua izanen zela aditzera eman ostean, atzo jakinarazi zuen bere hautagaitza «berehala» aurkeztuko duela. Ziurrenik, gaur arratsaldean bertan emango duen prentsaurrekoan egingo du.
Era berean, zerrenda hori osatzen duten pertsonen izenak ere ezagutaraziko ditu. Oraingoz, Angel García Undiano, Juan José Lizarbe, Fernando Puras eta Aihona Aznárez, besteak beste, aldeko ditu.
Iruñeko batzarrean lortutako emaitza kaskarren gainetik, Acedok argi adierazi zuen hautagaitzarekin aurrera jarraituko duela eta gogorarazi zuen oraindik biltzarreko ordezkarien %70 aukeratu behar direla.
GARA