Naturgas Energia Torneoa
Buruz Burukoan irekitako zauriak arintzeko aukera
Aimar Olaizola eta Martinez de Irujo larunbatean abiatuko den txapelketan izango dira, urteko hitzordu nagusian ezustean kanporatura geratu ondoren
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Buruz Buruko Txapelketan izandako ezusteek Naturgas Energia Torneoan parte hartuko duten pilotarien zerrendari distira emateko balio izan dute. Hain zuzen ere, urteko hitzordu garrantzitsuenean uste baino lehenago kanporatuta geratu ondoren, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo datorren larunbatean abiatuko den txapelketan izango dira.
Horrenbestez, Aspek eta Asegarcek atzo Bilbon aurkeztutako binakako torneo honen bitartez, Buruz Buruko Txapelketako azken bi txapeldunek Oinatz Bengoetxeak eta Sebastien Gonzalezek -bi pilotari horien aurka galdu zuten- irekitako zauria arintzeko aukera izango dute. Goizuetakoak Iñaki Otxandorena izango du bikotekide; Iberokoak, berriz, Pedro Martinez de Eulate. Titin III-Goñi III eta Berasaluze VIII-Begino izango dira gainontzeko bi bikoteak.
Guztira lau bikotek parte hartuko dute, bi Aspetik eta bi Asegarcetik. Lehenengo finalerdia larunbatean jokatuko da, Balmasedako frontoian, 17.00etatik aurrera. Olaizola II-Otxandorena eta Titin III-Goñi III izango dira aurrez aurre. Bigarren finalerdia maiatzaren 30ean izango da, 22.00etan, Oiartzunen. Kasu honetan, Martinez de Irujok eta Martinez de Eulatek Berasaluze VIII.aren eta Beginoren aurka jokatuko dute. Finalerdietako irabazleek ekainaren 14ko finalean ikusiko dute elkar.
Buruz Buruko bigarren finalerdia jokatuz gero, Naturgas Energia torneoko finala urteko txapel nagusia jokoan egongo den norgehiagokaren bezperan izango da. Buruz Buruko Txapelketako final horretan, Sebastien Gonzalez edo Abel Barriola ez ezik, Oinatz Bengoetxea egongo da. Hain justu, iaz Naturgas Energia Torneoan egon eta Buruz Buruko finala zale moduan ikusi zuen pilotaria. Nola aldatzen diren gauzak.