GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Etika teknologikoari buruzko hausnarketa

Pekka Himanen filosofo finlandiarrren gogoeten harira, Iratxe Esnaolak teknologiaren eta etikaren artean dauden harremanak aztertzen ditu artikulu honetan. Hacker-aren etika -hacker hitzaren jatorrizko adiera positiboan, betiere- zazpi baliok osatzen dute: «pasioa, askatasuna, balio soziala, irekitasuna, aktibotasuna, elkartasuna eta sormena». Esnaolak balio horien defentsa egiten du, justizia teknologikoaren bidean baliook ardatz izan behar dutelako.

Kultura teknologikoa barneratzearen beharrak, filosofia teknologikoaz hausnartzeko premia dakar berarekin. Filosofia ezberdinak daude eta filosofia horietako bakoitza jarraitzen duten teknologiak ere baditugu. Eta filosofia, eta beraz, teknologia, ezberdinen artean gure aukeraketa propioa egiteko, etika, printzipio eta balio teknologikoez hitz egin behar dugu, halabeharrez.

«Hackerraren etika» liburuan («The Hacker Ethic», 2001), honetaz eta hartaz mintzo da egilea, Pekka Himanen filosofo finlandiarra. Liburu hauxe da, nire iritziz, eta zalantzarik gabe, teknologiaren mundua eta filosofia lotzen dituen artelanik gomendagarriena.

Garrantzitsua da, besteren aurretik, hacker hitzak dituen konnotazio negatibo guztiak errotik deuseztatzea. Hacker-ak gaizkiletzat jotzen dira. Beste sistema batean sartu eta min egitea helburu duten eraso informatikoak egiten dituztela esaten da. Eta informatikan adituak direla oinarritzat hartzen den arren, beren ezagutza kalte egiteko erabiltzen dutela esaten da. Baina horiek ez dira hacker-ak, cracker-ak baizik. Craker-ak informatika munduko erasotzaile gisa defini daitezke: besteen sistemetan sartu eta informazioa lapurtu edota birusen bat txertatzen dute bertan.

Hacker-ak informatikan adituak diren programatzaile amorratuak dira. Beren helburua ez da kalte egitea, alderantziz: informazioa zabaldu eta garatutako programak gainerakoekin partekatzea izaera etikoko behartzat hartzen dute. Hacker hitza 1960ko hamarkadan MIT-eko (Massachusetts Institute of Technology) programatzaile sutsu batzuek sortu zuten, beren burua definitze aldera edo. Gerora, 1980ko hamarkadan, hedabideak, hitz bera, gaizkile informatikoei erreferentzia egiteko erabiltzen hasi ziren. Eta gaizki ulertzeak saihesteko, cracker hitza sortu zuten hacker-ek, beren burua gaizkile informatikoengandik bereizteko (ingelesez, zentzu batean, hack=arazo zail bati aurre egin eta crack=suntsitu).

Eta beraz, «Hacker-aren etika» liburuak, gaizkile ez diren informatika munduko adituen filosofiaz hitz egiten du. Beraien lan egiteko moduaz eta egindako lana zabaltzeko moduaz. Praktikan jartzen duten abiapuntuaz eta helmugaz: etika teknologikoaz.

Ene iritziz, egungo mundu teknologikoan, neurri handi batean, irabazi ekonomikoak informazioaren jabetzatik datoz, ez informazioa partekatzetik. Informazioaren ekonomian, informazioa gorde egiten da, eta hori babestuz, eta bide batez, etekin ekonomikoa lortzeko asmoz, beharrezkoak izan diren sistema mota guztiak sortu eta erabiltzen dira (patenteak, copyright-a, egile-eskubideak, marka erregistratuak, eta abar). Informazioa boterea da, dirua eta, horrenbestez, boterea eta dirua behar bezala banatzen ez diren sistema ekonomiko batean, informazioa ere ez da behar bezala zabaltzen.

Baina teknologia mota bakoitzak ez dio sistema ekonomiko jakin bati erantzuten. Eta beraz, software libreak sistema kapitalistaren aurka egiten ez duen bezala, hacker-aren etika ere, ez da, espresuki, sistema kapitalistaren kontra azaltzen. Izatekotan alderantziz, testuinguru horretan, hacker-aren etikak «informazioaren jendartea» sustatzeko, garatzeko eta zabaltzeko jarrera alternatibo bat planteatzen baitu, informazioaren jabetza oinarri duen sistema auzitan jarriz.

Internet eta GNU/Linux sistema eragilea dira informazioaren zabaltzea oinarri duen planteamendu ireki horren bi adibide oso garbi. Hacker-aren etika aplikatu gabe, egun ezagutzen dugun Internet ez zen den tresna izatera iritsiko. Are gehiago, Interneten sorreratik, bere funtzionalitatea, zerbitzu ugaritasuna eta elkarrekintza ereduak askotxo aldatu diren arren, bada aldatu ez den eta bere izaera irekiaren zutabe den ezaugarri bat: Internetek ez du bere garapena zuzentzen duen irudi zentralik, bere teknologia, oraindik ere, hacker-en komunitate batek garatzen baitu.

Eta «komunitate» kontzeptu hori hacker-aren etikaren bihotzean dago. Bizitza sozialean ere, talde bateko (edo gehiagoko) kide izan, gure kide-izaera hori aitortzea eta maitatua sentitzea ezinbestekoa zaigu. Pertsonok «gu» baten parte den «ni» berezi bat behar dugu. Hacker-aren etikan, komunitatearen baitako kidetza mundu teknologikoa bizitzeko printzipio nagusia da. Eta sortu eta zabalduko duen guztia, komunitate horrentzat baliagarria izatea da bere azken helburua: ekarpen indibidualak egiten dira, horrenbestez, hartzaile kolektiboarentzat.

Hacker-aren etikak, liburuaren arabera, guztira zazpi balio biltzen ditu bere baitan: pasioa (programazioaren zale amorratu gisa ulertuta, egiten dutenarekin gozatu egiten dutela, alegia), askatasuna (lanerako funtzionamendua, baliorik eraginkorrena), balio soziala (komunitatearentzat baliagarria dena garatzea eta egindakoa aintzat hartzea), irekitasuna (informazioa zabaltzea), aktibotasuna (Interneteko adierazpen askatasunaren eta pribatutasunaren defentsa), elkartasuna (teknologien demokratizazioa eta guztien parte-hartzea bermatzea) eta sormena (hori baita programazioa, sormen digitala).

Balio horiek guztiak, eta batez ere balio soziala eta irekitasuna, hacker-ek unibertsitatetik jasotako ondarea dira. Eta honek, egungo informazioaren ekonomiaren dilema bat mahaigaineratzen du: enpresa teknologiko ia gehienak informazioaren jabetza dute oinarri, baina enpresa hauek, unibertsitatearen, zientziaren eta ikerketaren fruitu den informazioa irekia izatea behar dute. Alegia, informazioa ixtearen eredua aplikatzen dutenak, informazioaren eredu irekiarekin funtzionatzen dutenen menpeko dira.

Argi dago irekitasunak ematen diola balio soziala egindakoari. Eta elkartasunak teknologia guztion eskuetan jartzen duela. Emanda datorrenari aurre egiteak aktibotasuna eskatzen duela. Eta teknologia mota baten eta bestearen aurrean aukeratzeko askatasuna behar dugula.

Sormen eta pasio informatikoa, programatzaile eta hacker-en kontua dira, baina, zinez, balio hauek guztiak, osotasunean, bere baitan biltzen dituzten teknologiak erabiltzeari ekin behar diogu. Kontzientzia teknologikoa esnatu behar dugu, eta existitzen dira kontzientzia hori ase edukitzeko teknologia eta tresnak. Justizia teknologikoa lortzera bidean, zer dago bidegurutzearen alde bakoitzean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo