GARA > Idatzia > Musika

Diru kontuak (II): Musikariek ere dirua behar dute bizitzeko

Aritz SOUND SYSTEM  Kazetari eta musika adiktoa

Orain aste batzuk argitaratutako zutabean, oso modu orokorrean aipatu genituen Euskal Herrian musikarekin antolatzen diren emanaldien ezaugarriak. Emanaldi hauetan musikarekin bilatzen denaz aritu ginen eta maila ez profesionalean aritzen diren egileek zuzenekoak eskaintzeko garaian dituzten baldintzez hitz egiten hasi ginen. Diru kontuez ari garenean, musikariek jaso beharreko dirusariaren gaia bigarren mailan geratzen da maiz. Musikariei, gehiegitan, musu-truk jotzek0 eskatzen zaie eta horretarako bi arrazoi nagusi izan ohi dira; batetik, kontzertuak lotzeko garaian, antolatzaileek zailtasun handiak izaten dituzte dirua lortzeko. Ekitaldiek gastu asko izaten dituzte; soinu eta argi ekipoak direla, kartelak eta propaganda, agertoki eta azpiegiturak, etab. Garestia da antolatzea eta, dagoen diru apurra azpiegitura kontuetan gastatzen denez, askotan musikariei musu-truk aritzeko eskatzen zaie. Besteetan, berriz, helburu politiko edo soziala duten ekitaldietan, musikariaren konpromisoa bilatzen da. Zorionez, gure artean asko dira (gehienak) konpromisoa eta musikarekiko maitasuna diruaren gainetik jartzen dutenak. Ezin ahaztu, ordea, egun bizi garen gizartean diruak duen garrantzia eta, gizarte eredua aldatzen ez den bitartean, musikariek ere bizitzeko dirua behar dutela (nahiz eta profesionalak ez izan). Ez profesionalen lana ez dago batere arautua; are gehiago, behar baino gutxiago baloratua dagoela esango genuke. Askotan, saioa egiteko aukerarekin nahikoa dela dirudi, musikariak eskertua egon behar duela aukera hori izateagatik (eta eskertzekoa da, jakina, baina hori nahikoa ote da?).

Emanaldia antolatzeko garaian, soinu eta argi teknikariak dirusaria behar duenik ez da zalantzan jartzen (horrela behar du, gainera), eta musikariari, berriz, batzuetan ez zaizkio ezta bidaia gastuak ere ordaintzen. Gertatu izan da helburu politiko edo soziala duten ekitaldi batzuetan bertako egileekin batera kanpotik sona handiko musikariak ekartzea eta kanpokoei dirusari ederrak ematen zaizkien bitartean bertakoei sosik ere ez ematea. Gaia konplexua dela badakigu, baina hausnarketa merezi du. Ondo legoke gutxieneko batzuk adostea, eta gutxieneko horietatik aurrera, emanaldiak dituen ezaugarriak kontuan izanda, baldintza batzuk edo besteak adostea (beti ere antolatzaile eta musikariaren artean gauzak argi hitz egin eta gero).

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo