GARA > Idatzia > Kultura

Afrikako errealitatea ekarri dute Bilbora Kongoko bi margolarik

Cheri Cherin eta Jean Paul Nsimba Mika artista kongoarrak lanean izan dira Bilbao Arten azken asteotan. Ariketa horren emaitza da BBK Kultur Gelan zabaldu den «Nola dago Afrika?» erakusketa. Margolariek sorterriaz eta munduaz ikuspegi kritikoa erakusten dute.

p050_f01_148x096.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Jazarpena jasaten duten artistentzako BBKren lehen beka jaso dute Jean Paul Nsimba Nikak eta Cheri Cherinek. Afrikan herri pintura lantzen duen mugimenduko ordezkari dira eta sorterrian, Kongoko Errepublikan, alegia, «klandestinitatean» margotu behar dutela salatu dute.

Hori dela-eta, Bilbao Arten lan egiteko aukera eman zieten. Iragan apirilean ireki zizkieten tailerrak eta atzo inauguratu zuten BBK Kultur Gelan -Elcano, 20- bertan egindako koadroen erakusketa. Kontinente afrikarraren errealitate politiko, sozial eta ekonomikoaz duten iritzia eraman dute oihaletara. Begirada kritikoa da haiena. Baita Mendebaldeko herrialde gisa ezagutzen ditugunak Afrikarekiko duten jarrerarekin ere. «Akuriak bezala erabiltzen gaituzte», salatu dute artistek.

Eguneroko egoerak

«Ohiko eszenak margotzen ditugu, errealitatearen isla direnak. Afrikar gizartearen enbaxadore edo eleduntzat ditugu geure buruak, kazetariaren lana egiten dugu gure artelanekin», azaldu zuen atzo Cheri Cherinek erakusketaren aurkezpenean. Errealitatean ez ezik, historia, erlijioa eta mitologian ere inspiratu dira. «Salaketa egiten dugu baina irtenbideak ere proposatzen ditugu», gaineratu zuten. «Hau guztia gure herrian ozen esaten badugu espetxean amaitu dezakegu», azaldu zien BBK Kultur Gelan bildutako berriemaileei.

Ezkutuan eta baldintza kaskarretan beharrean, «toki lasai» batean, euskarri eta material egokiekin aritzeko aukera eman izana eskertu zien euskal erakundeei.

Oso koadro koloretsuak margotu dituzte bi artista kongoarrek, umore ukitu batekin batzuk, oso mezu gordina dutenak agerian beste pieza asko.

Europako biztanleei Afrikan gertatzen ari dena kontatzea da erakusketa honek duen helburuetako bat. Bestetik, Kongotik erbestera joan diren goi mailako teknikariek aberrian aldaketa baten alde egin beharra dagoela esan nahi diete.

Paul Nsimba Nikak eta Cheri Cherin antzinako Zairera itzuliko dira, etxera, baina beraien ekoizpena Euskal Herrian geratuko da. Galeria komertzial batek salgai jarriko ditu. Bitartekari batek ordezkatuko ditu.

Josep Kikonda edo Cheri Cheri Kinshasan jaio zen 1955an. Herriko Artea Aztertzeko Tailerreko lehendakaria da eta Estilo Herrikoia duen Pinturako Artisten Elkarteko lehendakariordea.

Gazteagoa da Jean Paul Nsimba Nika, 1980. urtean sortua da, Kinshasan bera ere. Herri pintura, akademikoa eta arearekin egiten dena landu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo