GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Operación policial franco-española

Errepresioa ez dela bidea adierazi dute lehenengo mobilizazioetan

p005_f01_111x111.jpg

GARA | ANDOAIN

Gendarmeria frantsesak eta Guardia Zibilak egindako az- ken operazioa salatzeko eta horren barruan atxilotutako sei euskal herritarrei elkartasuna adierazteko, mobilizazioak egin zituzten atzo ilunabarrean hainbat herritan.

Ainhoa Ozaeta eta Joxean Barandiaran Andoaingoak dira, eta han 180 bat bizilagunek protesta egin zuten, 20.00etan hasita. Zumea plazan jarri zuten hitzordua, eta batzar batean ordu horretarako eskura zegoen informazioaren berri eman ostean, manifestazioa abiarazi zuten. «Jo ta ke, irabazi arte», «Borroka da bide bakarra» eta «Atxilotuak askatu» gisako oihuen artean, herriko kale nagusiak igaro zituzten manifestariek.

Oihu horiek, eta PSOEren aurkakoak bereziki, areagotu egin ziren alderdi politiko horrek Arrate plazan duen egoitzara iritsi zenean mobilizazioa. Ertzaintza zegoen han zain, eta tentsio uneak izan zituzten. Poliziakideak eta manifestariak aurrez aurre egon ziren minutu batzuetan, azken horietako askok «Salbuespen egoerari stop. Euskal Herriak autodeterminazioa» idatzita zuten txartelak eskuan zituztela. Alabaina, ez zen aparteko ika-mikarik izan, eta arazorik gabe egin ahal izan zuten aurrera protestan parte hartzen ari ziren andoaindarrek.

Jakinarazi zutenez, atxilotuek inkomunikaturik jarraitzen duten bitartean, egunero egingo dituzte batzarrak eta manifestazioak. Ordua arratsaldeko zortzietarako finkatu dute, eta ir-teera lekua atzoko bera izango da, Zumea plaza.

«Zirku mediatikoa»

Basaurin ere salaketa eta elkartasuna uztartu zituen protesta egin zuten iluntzean. Atxilotu guztiak aska ditzatela eskatu zuten 30 bat herritarrek batzar informatibo batean, eta batik bat Xabier Lopez Peña izan zuten gogoan. Izan ere, galdakoztarra den arren, bere jaiotetxea Galdakao eta Basauri artean dagoen Aperribai auzoan baitago, eta, gainera, senitarteko gehientsuenak Basaurin bizi dira. Atxiloketen gainean sortutako «zirku mediatikoa» ere gogor kritikatu zuten Bizkaiko udalerri horretako bizilagunek, eta gaurko eta biharko ere mobilizazioetarako deia egin dute.

Donostiako Egia auzoan -bertakoa da Jon Salaberria-, dozenaka lagun irten ziren kalera arratsaldean. Zortzietan bildu ziren plaza Berrian, eta informazioa helarazteko batzarra egin ondoren, auzoko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa egin zuten. Egiako bizilagunek gaurko deia ere egin zuten, baina Donostiako Bulebarrean batuko dira. Hortik abiatuko baita iluntzeko zortzietan Donostia osorako deitutako mobilizazioa.

Gipuzkoako hiriburuan beste protesta ekitaldi bat ere egitekoa zen atzo arratsean, Amara Zaharra auzoan, hain justu, Bertakoa baita Igor Suberbiola.

Ostera, Fred Forten sorterrian, Bidarten, 19.00etatik aurrera elkarretaratu ziren. Deialdiarekin 35 lagunek bat egin zuten, eta 74 urteko gizona berehala aske uzteko exijitu zuten.

Lapurtarrarekin elkartasunean eta estatuen errepresio estrategia salatzearren, Baionan ere egin zen beste protesta bat. Zehazki, Pannecau kalean 20 lagun inguru bildu ziren, Forten neskalagunaren etxearen aurrean, poliziakideek miaketa egin zuten bitartean.

Atxilotuen herrietan soilik ez, beste zenbaitetan ere egin zituzten azken polizia operazioa salatzeko protestak. Esaterako, Atarrabian 17 herritar elkarretaratu ziren, eta Deban 21.

pse eta ertzaintza

Andoaingo mobilizazioa PSEren egoitza parera iritsi zenean, Ertzaintza zain zuten. Manifestariak eta poliziakideak minutu batzuetan aurrez aurre egon ziren. Tentsioa nabarmena izan zen, baina ez zen aparteko ika-mikarik izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo