GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hurbila eta asko ematen duen kidea

PROFILA
[ Ainhoa ETXAIDE ]

Jaiotza-data: Hondarribian, 1972ko azaroak 22an. > Ikasketak: Zuzenbidean lizentziatua. > Karguak: Duela hamabi urte sartu zen LABen eta ardurak ezberdinak izan ditu. Azken urteotan idazkariorde nagusia izan da.

I. LOPATEGI |

«Ainhoa LABen hazi da». Esaldia Rafa Diez Usabiagarena da, eta ez zaio arrazoirik falta. Gaztea izan arren, ibilbide luzea du Etxaidek sindikatu abertzalean, hamabi urte, hain zuzen ere.

Zuzenbidean lizentziatua, bere lehendabiziko urratsek hartu beharreko norabidea argi izan zuen, eta aukera naturala egin zuen fakultatean zen garaian. Bere jaioterritik, Hondarribitik Irungo Institutura heltzean, beste hainbat gazte bezalaxe, Ikasle Abertzaleak erakundean hasi zuen bere jarduera politikoa, urte batzuk geroago sindikatuaren berezko eginkizunetan murgildu zen arte.

Gazte sartu zen sindikatuan, hain zuzen ere, IV. Biltzar Nagusian sortu zen Gazte Arloaren ardura betetzeko. Garai hartan sindikatuaren zuzendaritza zen Idazkaritza Nazionaleko kide bihurtu zen. Organo hori hogeita bost arduradunek osatzen zuten, hogeita bi gizonezkoak ziren eta hiru emakumezkoak, Ainhoa tartean.

Orduko errealitatea hartu behar dugu kontuan sindikatuan gizon eta emakumeen artean zegoen desoreka eta desoreka horrek emakumeentzat zekarren zama eta zailtasuna baloratzeko.

Nire ustez, horren ondorioetariko bat izan zen Ainhoak sindikalgintzaren balioaz ez ezik, emakumeon borrokaren esanguraz, alegia, feminismoaren balioaz sakonki jabetzea.

Hortik aurrera, sindikalista gisa egin duen ibilbidean izan duen garapen eta bilakaera definitzeko, nagusiki, bi faktoreri erreparatu behar zaie: batetik, sindikatuaren estrategia orotan sakondu eta murgiltzeko jarrera prestua eta motibazio izugarria. Hori dela eta, ondo baino hobeto ezagutzen du LAB, baita sindikalismoaren egoera orokorra eta erronka estrategikoak ere.

Bestetik, sindikatuko gainerako kideekiko errespetua, hurbiltasuna eta laguntzeko prestutasuna agertzen du Ainhoak. Asko ematen du, askotan bere beharren gainetik ere. Irekitasun hori estimatu egiten zaio. Jarrera hurbila duen kidea da.

Lidergo on baten ezaugarriak diren bi horiek betetzen ditu Ainhoak. Eta oraindik orain, nekez ezagutzen den militantzia eredu berri batekin lotuta daude. Nik esango nuke, humanizatuagoa izan nahi duen eredua bilatzen duela.

Ikuspegi horretatik, berebiziko arduraz lantzen du emakumeek eta gizonek aukera berdintasunean jardun dezaten erakundean, bai parte hartzean bai erabakiak hartzean. Izan ere, guztion ikuspegia eta ekarpena beharrezkotzat jotzen ditu LABen proiektu sozio-politiko sindikala aurrera eramateko.

Halaber, argi du oso, gauza bat borondatea dela eta beste bat konpromisoa. Lehenak bigarrena gabe ezer gutxirako balio duenez konpromisoak jasotzen dituzten estrategiak bultzatzen ditu hondarribitarrak.

Konpromisoa da, hain zuzen ere, zentzu zabalenean, bere izaera definitzen duen hitza. Oraingo ardurarekin urrats berri bat eman du, jakitun sindikalismoaren ereduan eta emakumeen jabekuntza prozesuan ere jauzi izugarria den jakitun. Azken batean, koherentzia bilatu eta koherentziaz jokatzen du. Ainhoaren papera sindikatuak gidatu duen eredu egokitze estrategian kokatzen da.

Hala eta guztiz ere, orain arte sindikatuarekiko konpromisoez jardun dugu, jarduera politikoarekin ere lotu daitezkeenak; baina bizitzan badaude bestelako konpromisoak ere, norberarenak, harreman afektiboekin lotzen direnak, alegia. Askotan pertsonen bizitzari buruzko ezaugarriak aipatzean, ezkondua, ezkongabea, banatua eta abar gisakoak aipatu ohi dira, nolabait estatus soziala erakutsi beharra omen dagoelakoan.

Nire iritziz, estatus horrek balio duenik guk defenda dezakegun jendarte ereduan; gainera, gaur egun eredu tradizionala (familia...) krisian barneratzea lortu badugu ere ez da desagertu. Nire ustez, atal honi buruz ahalik eta gutxien esan behar da: banatuta dago (ez dibortziatuta). Bestalde, bere bizitza afektiboa berea da eta ez beste inorena.

Amaitzeko, Ainhoa Etxaideren aldia sindikatuaren bilakaeraren aldi berriarekin dator, bata eta bestea aldaketa prozesua gauzatzearen emaitza dira (esponenteak). Urteetan gorpuzten joan den prozesu gidatuaren emaitza landua.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo