GARA > Idatzia > Gutunak

Ainara RodrIguez Zalakain Andoain

Ikasleon hitza, inoiz baino ozenago

Ikasle naizen aldetik, adierazi nahi dut bereziki arduratuta eta, era berean, itxaropentsu agertzen naizela azkenaldian unibertsitatean jazotzen ari diren gertaeren inguruan. Arduratuta eta itxaropentsu, gertu-gertutik bizi izan ditudalako egungo unibertsitateko agintarien zabarkeria eta burokraziaren handinahikeriak.

Azken aspaldian larregi entzun dugu Bologna prozesuak eta honek ekarriko dituen ondorioez. Neoliberalismoa barru-barruraino, erraietaraino sartu nahi izan dute proiektu «eraikitzaile» eta pedagogia aurreratzaile baten aitzakiapean. Alta, iruzur gutxietarako gaude Euskal Herrian, demokrazia eza eta salbuespen egoeran gauden honetan.

Arduratuta. Horrela sentitzen naiz. Azken aste honetan ikaskide izan ditudanen aurka kate-gabeko zinpeko zakurrak askatu baitituzte. Helburua bakarra: urteetan bestelako unibertsitate demokratiko, justu eta antihierarkiko baten alde lan egin duen ikasleria kikildu eta isilaraztea, kriminalizatzea. Oilo-ipurdia jarri zitzaidan kalez eta uniformatutako «zaindariak», borrak eskuetan, ikasleriaren hitza eta aldarrikapen gosea nola isilarazten duten ikusitakoan... ez da gauza berria, baina. Ikasleriaren hitza isilarazten urteak daramatzate, beraien nahi eta irudiko unibertsitate eredua ezartzen joan diren heinean. Ahoa estali nahi izan digute, araudi diziplinario, mugapen, baimen ukazio eta bestelako formulak erabiliz. Halaber, ikasleak beti fin, ikasleak beti prestu. Horrek neurri gogorrak ekartzen baldin baditu ere... ikasleen eskubideen defentsak ez duelako salneurririk!

Itxaropentsu. Honela (ere) sentitzen naiz . Hauteskunde egunean urtetan egindako lanak bere fruitua eman zuela ikusi ahal izan genuen. Argi dago, agintariek beraiek onartu bezala, unibertsitatea osatzen dutenak ez daudela unibertsitatea eraman nahi izan duten norabidearekin ados. Eta horrek bereziki pozten nau. Azkenaldian sektore ezberdinek aldarrikatzen duten baldintza-berdintasunean oinarrituriko eztabaida ireki eta zabala dagoelako mahai-gainean. Eztabaida sakona, erabakitzeko eskubidea eskuetan, etorkizunean gure unibertsitateak izan nahi duenaren inguruan hitz egiteko beta emango diguna. Egungo unibertsitateetako agintariek erantzun beharreko galdera, bada, mahai-gainean dagoen jaki horri eusteko borondaterik eta ausardia nahikorik izango duten da; beren poltrona eta gidaritza lema askatzeko gai izango diren itauntzeko unea da. Ni ezezkoan nago. Baina biziki desio dut erraturik egotea.

Ez nuke amaitu nahi ikasle mugimenduak erakutsitako ausardia eta borroka grina txalotu gabe. Beraiek ezarritako harriak dira eta izango dira, etorkizuneko unibertsitate eredu nazional, euskaldun, publiko eta berdintzailea eraikiko dutenak. Beren arnasa izan dadila etorkizunerako hauspo! Egunero, 68ko maiatza izan dadila!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo