GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek sailkapeneko lehen lauen artean sartzeko azken aukera izango du

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek sailkapeneko lehen lauen artean sartzeko azken aukera izango du gaur. Montpellier hartu beharra dauka, eta derrigorrez irabazi beharko du, 15.00etan hasiko den partida. Irabazi bakarrik ez, puntu gehigarria ere lortu beharra dauka. Hori lortzen badu, eta Perpinyak galduko balu, bi puntutara jartzeko aukera izango luke.

Hala ere, eta ikusita oso zaila duela laugarren postu hori lortzea, beti ere bere emaitzaz gain, besteen zain egon behar duelako, hasteko seigarren postua segurtatu beharko du heldu den urtean Heineken Kopa jokatu ahal izateko. Montpellierrek ere baditu horretarako aukerak, eta ez dizkio gauzak erraz jarriko.

Jokalariei dagokienez, Traille osatu da, eta taldera itzuliko da. Jokatuko ez duena Brusque izango da, zuri-gorrien aurrelaria ez baita oraindik osatu eta ez dago jokatzeko moduan.

Avironek, aldiz, lasai jokatuko du 20.30etik aitzinera Montaubanen zelaian. Matematikoki hala ez bada ere, Avironek mailari eusteko txartela ia segurtatuta dauka. Orain, ordea, azken urte hauetako denboraldirik onena egiteko parada dauka, gaur irabaziko balu, zazpigarren postuan jartzeko aukera izango bailuke talde zuri-urdinak.

Azkeneko emaitzak ikusita badirudi zuri-urdinen bolada txarra amaitu dela, eta jaitsierako postuak oso atzean uzteak ematen duen lasaitasun horrekin jokalariek bere mailarik onena eman dezakete. Iñigo, Gerber, eta Larretxea osatu dira eta jokatzeko moduan daude. Elhorgak, aldiz, min hartuta jarraitzen du, eta ez du jokatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo