GARA > Idatzia > Editoriala

AHTren desjabetzeak, onean... edo txarrean

Abiadura Handiko Trenaren proiektua aurrera ateratzeko teman, presa handia erakusten ari da Lakuako Gobernua, lurren desjabetzeen inguruko tramiteak arindu eta aldez aurreko akordioak lortzen saiatuz. Baina hartarako, zenbait udalerritan izandako eragozpenak ikusita, trenak zeharkatuko dituen lurren jabeak beldurtzeari ekin dio, modu batean edo bestean lurrak utzi beharko dituztela adieraziz. Argigarria da gaur GARAk eskaintzen duen erreportajea, lurjabeetako baten eta Lakuako hiru teknikariren arteko bileren grabaketa jasotzen duena.

Lakuako ordezkariek, Sustapen Ministerioaren mamua aipatu ondoren, beren eskaintza «ona» agertzen dute, eta eskaintza hori egiteko duten marjina ministerio espainolak azpiegituraren inguruko egoeraren berri jakiteak azaltzen omen du. Egoera horrek aurkaritza gero eta handiagoa du ezaugarri; izan ere, herritarrek zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta handiagoa da aurkaritza. AHTren proiektua herritar guztien onerako dela diote, baina herritarrei iritzia eskatu gabe, proiektuaren gaineko informazioa ezkutatuta. Demokrazia kontzeptu horren arabera, herritarrek, lau urtean behin botoa eman ondoren, ez baitute iritzirik eman behar, ezta zuzen eragingo dien eta herri baten garapen ereduaren adierazle den proiektua izanda ere. Horregatik informazioa ez da etorri etorri behar zuen lekutik, instituzioetatik alegia, herri ekimenetik baizik. Eta instituzioen erantzuna hura kriminalizatzea izan da

Irudi benetan negargarria instituzioena herritarrak beldurtzeko lanetan, hartarako «polizia zintzoaren» eta «polizia gaiztoaren» paperak banatuta. Herritar horien onerako, esango dute, baina aukerarik eman gabe eta inposizioaren ohiko diskurtsoa erabilita: «Onean nahi ez baduzu, txarrean izan beharko». Lakuak akordioa esaten dio, baina aurretik edo azken momentuan eginda, desjabetzea da, beldurra edo indarra erabilita. Ez dira gutxi izango beren buruari jokaera horretan etika non dagoen galdetuko diotenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo