Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko lehendakari izendatu dute
Ainize BUTRON |
Kantonamendu eta herriko hauteskundeak iragan ondoren, lehen biltzar nagusia egin zuen atzo Hautetsien Kontseiluak. Ohi den bezala, bilkuraren bidez, egiturako buruzagitza berria izendatu zuten. Bertan Alain Lamassourek zazpi urtez beteriko lehendakaritza postua utzi, eta Jean Jacques Lasserrek hartu zuen haren ordez.
Lamassourek argitu zuen: «Herri hauteskundeetan Angelun nire alderdiak bozak galdu dituela-eta, hautesleekiko zuzentasunez nire postua uztea erabaki dut». Jean Jacques Lasserre bere aldetik, Hautetsien Kontseiluaren sortzailea izaki, lehendik beteriko buruzagitza berreskuratu du, beraz, atzoko biltzar nagusian. Zazpi urtez beteko duen postu horretan «lan gotorra» egiteko zegoela argitu zuen. Ondoko hilabeteetan Paris, Akitania eskualdea, Kontseilu Nagusia eta Hautetsien Kontseiluaren artean finkatuko duten lurralde kontratua puntu nagusi bat zela nabarmendu zuen. Horretan, orain arte Lamassourek bideraturiko lana jarraitzeko asmoa zeukala azpimarratu zuen hiru ildo nagusi goraipatuz: turismotik at ekonomia produktiboa bultzatzea, garapen orekatua ziurtatzea, eta ondarea babestea.
Bulegokideak
Lehendakariaren postuarekin batera bulegoko kide berriak ere izendatu zituzten atzo. Hala, Frantxua Maitia eta Jean Grenet izango dira lehendakariordeak. Diruzaina, berriz, Alain Iriart eta idazkari postua Daniel Poulou diputatuak beteko du.
Lurralde kontratuari dagokionez, talde eragilea maiatzaren 29an biltzekotan dago. Kontratua noiz gauzatuko den jakin ez arren, ekainean gobernukide baten bisita itxaroten zutela argitu zuten.