GARA > Idatzia > Ekonomia

Paueko Laborantza Ganberak bere erakustazoka egingo du Baionan

Baserriaren jarduera hiritarrei ezagutarazteko bi eraskustazoka izango dira aurrerantzean Baionan. 2006tik egiten den Lurrama eta orain, lehen aldiz, Paueko Laborantza Ganberak «La Ferme en ville» izenarekin antolatu duena. Ekainaren 7an eta 8an egingo da.

Arantxa MANTEROLA |

Aurten Lapurdiko hiriburuko eta inguruetako herritarrek bi aukera izango dituzte nekazaritzako eta baserriko jarduna gertutik ezagutzeko. Izan ere, lehen aldiz, Paueko Laborantza Ganberak «La ferme en ville» azoka antolatu du. Ekainaren 7an eta 8an egingo dute Baionako Chao Pelletier gunean, Kontseilu Nagusiaren aitzinean dagoen lur eremuan.

Gune berean egin zuten iaz, bigarrengoz, Euskal Herriko Laborantza Ganberak sustatutako Lurrama azoka. Hura bezala, nekazaritzako produktuez, abelzaintzaz, lurzoruen kudeaketaz, ekoizleen nondik norakoez eta energiez informatzea eta elkar ezagutzan sakontzea du helburu honakoak ere, Jean-Michel Anxolabehere Pirinio Atlantikoetako Ganberako presidentearen esanetan. «Hiritarrak ere kontsumitzaile diren heinean, laborantzaren errealitatea ezagutzeko premiaz jabeturik» bultzatu dutela ekimena gehitu zuen, atzo, ganberako beste hainbat ordezkarirekin Baionan egindako aurkezpenean.

Hain zuzen ere, Baionako feriaren barruan aspaldi egiten zen abere lehiaketa berreskuratzeko asmoa dute. Horrela, urtero Departamendu mailan egiten den Akitaniako Hilehori eta Prim'Holstein arrazako behien lehiaketa, aurten Baionan izango da. Abere horiez gain, zaldi, pottoka, asto eta poney ugari ikusteko parada izango dute, bi egunetan, bertaratzen direnek.

Baserriko lanen eta ekoizkinen inguruan erakustaldiak antolatu dituzte, hala nola ardi-zakurren lehiaketa, ardien ile mozketarena, gaztaren eta gatzatuaren fabrikazioaren zuzeneko erakusketa, ekoizkinen dastaketa (gazta, ardoa...), Euskal Herri osoko kalitatezko eta jatorrizko produktuen azoka, etab.

Haurrentzat animazioak, jakiak, musika eta antzekoak ere ez dira faltako, Anxolabeherek esan bezala, azoka «jai eta adiskidantza giroan» igaro dadin.

«Aspaldiko egitasmoa» dela, «lurraldearen halako monopolioa» inork ez duela eta «polemikaz inguraturiko ekimenak» saihesteko borondatea azaldu zituen kazetariek galdetu ziotenean ez ote diren Lurramarekin aurrez aurreko lehian sartzen.

«Irudi idilikoa»

Azokaren antolatzaileek izena ofizialki erregistratu ez dutela baliatuta, «transgenikoen eta laborantza industrialaren lobbyen aurkako ziber-ekintza» jarri dute abian www.lafermeenville.fr gunean. Bertan, Paueko Ganberak azoka horrekin eman nahi duen «irudi idilikoa» salatzeaz gain, «FNSEA sindikatuarekin batera garatzen duen egiazko nekazaritza politikaz» informatzen da.

ZIBER EKINTZA

Azokaren informazioa «www.fermeenville.fr» gunean jaso daiteke. Beste gune bat ere jarri dute abian, ironiaz eta kritikaren bidez, «azokak laborantza industriala sustatzen» duela salatzeko: «www.lafermeenville.fr»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo