Adituek Atlantikoan aurten bederatzi zikloi izan litezkeela iragarri dute
Aurtengoa urakan-denboraldi itzela izango dute Atlantikoan, Miamiko adituek egin dituzten iragarpenen arabera. Batez beste urtean 5,9 urakan izan ohi dira; aurten, ostera, sei eta bederatzi artean izango direla plazaratu dute. Iaz 180 hildako izan ziren Erdialdeko Amerikan.
GARA |
Hamabi ekaitz tropikal izan litezke bihar ofizialki hasiko den Atlantikoko 2008. urteko zikloi denboraldian. Horietatik gutxienez sei eta gehienez bederatzi bihur litezke zikloi Miamiko Urakanen Zentroaren arabera.
Aurtengo iragarpen hauek aurreko urteetan izandakoak baino nabarmen larriagoak dira.
Batez beste, denboraldi bakoitzean 9,6 ekaitz tropikal sortzen dira, eta horietatik 5,9 urakan edo zikloi bilakatzen dira; 2,3k gutxienez 3 mailako indarra izan ohi dute.
Meteorologoek iragarri dutenez, aurten, berriz, Saffir-Simpson eskalan 3 eta 5 arteko bost zikloi izan daitezke.
Miamiko Urakanen Zentro Nazionalak urtero egiten ditu horrelako aurreikuspenak, eta hegazkinen bitartez jarraipen zuzena egiten du.
Zikloien denboraldia hastearekin batera, horien eragina gehien pairatzen duten AEBetako estatuek ekaitzei aurre egiteko plan bat jartzen dute martxan. Halere, adituen arabera, neurriok eskasak izaten dira.
Gauzak horrela, AEBetako Atlantikoko kostaldeko estatu horietan etxebizitzen egitura indartzen, bizirik irauteko beharrezko bitartekoak erosten, ebakuazio planak berrikusten eta etxeko animaliak toki seguru batera eramateko ikastaroak egiten ari dira egun hauetan.
AEBetan urakanek eragina duten lekuetan, Ipar Carolinatik Texaserainoko eremuan 35 milioi pertsona bizi dira. Horietatik 15 milioi Floridan bizi dira.
«Egun hurakan batek AEBetako kostaldea jotzeko dugun aukera %69koa da; XX. mendeko batez bestekoa %52a da», esan zuen Phil Koltzbach-ek, Coloradoko Unibertsitateko adituak.
Ekainaren 1etik azaroaren 30era artekoa da zikloi denboraldia Atlantikoan. Iaz, 180 hildako eragin zituzten bi urakanek Erdialdeko Amerikan.