GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Sorhuet-Etxeto eta Larretxea-Kurutxari lehiatuko dira Garindaineko finalean


J.L. | MAULE

Gaur, 18.00etatik aitzina jokatuko den partidarekin amaituko da Garindaineko trinketan jokatu den Torneoa. Bertan, Sorhuet eta Etxeto, Larretxearen eta Kurutxariren aurka ariko dira.

Lehen finalerdia, pasa den asteazkenean jokatu zuten, eta Larretxeak eta Kurutxarik mendean hartu zituzten Etxeberri eta Waltari, 40-27ko emaitzarekin. Partida ez zen txarra izan. Lehen partea nahiko orekatua izan zen, baina apurka-apurka garaipena erdietsi zuen bikoa abantaila hartzen hasi zen, eta amaieran Etxeberrik eta Waltarik ezin izan zioten horri bueltarik eman.

Waltarik garbi utzi zuen ez dagoela unerik onenean. Egia da baita ere, gibeletik jokatzen duenean ez duela aurrean bezainbeste min egiten. Etxeberrik ez zuen partida txarrik egin, baina Larretxea eta Kurutxari oso indartsu agertu ziren.

Bigarren finalerdian Binakako egungo txapeldunak izan ziren. Dirua alde izan zuten Ibarrolak eta Ozafrainek, baina oraingoan ezin izan zuten irabazi, eta Garindaineko finaletik at geratu ziren. Sorhuetek eta Etxetok garaipena erdietsi zuten, eta amaieran 40-31 emaitza ageri zen markagailuan. Partida oso polita izan zen, eta orekatua ere bai, baina Ibarrola eta Ozafrain akitu egin ziren, eta hori ederki aprobetxatu zuten Sorhuetek eta Etxetok garaipena erdietsi ahal izateko. Gaurko finala oso polita eta orekatua izango dela iragartzen da, lau pilotariak oso sasoi onean daudela erakutsi baitute. Sorhuet ez beste hirurek astebetean jokatzen duten bigarren finala izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo