Iñaki Goirizelaia UPV-EHUko Bizkaiko errektoreordea
Juan Ignacio Pérez errektorea eta etika unibertsitarioa
Gure unibertsitateak aurrera egiteko aukera paregabea galdu du. Zuk erakutsi duzun etika unibertsitarioa ikusi nahi dut gure etorkizuneko UPV-EHUn
UPV-EHUko errektorea orain dela 12 bat urte ezagutu nuen. Bera Euskara errektoreordea zen; ni, berriz, Unibertsitate eta Enpresa Harremanetarako errektoreordea. Azken 12 urte hauetan elkarren adiskide egin gara, benetako lagunak. Orduz geroztik gauza asko partekatu ditugu, bai maila pertsonalean, bai maila profesionalean ere. Hori aldez aurretik esan nahi nuen.
Orain dela gutxi, Iratxe Esnaolak GARA egunkarian idatzitako oso artikulu interesgarria irakurri nuen (2008-05-22). Etika teknologikoari buruzko hausnarketa egiten zuen idatzi horretan, eta horri dagokionez, zazpi balio nabarmentzen zituen: pasioa, askatasuna, balio soziala, irekitasuna, aktibotasuna, elkartasuna eta sormena. Juan Ignacio Pérezek balio horiek guztiak bere baitan biltzen dituela ikusirik, UPV-EHUko gaur egungo errektorearen etika unibertsitarioari buruzko hausnarketa egitea pentsatu nuen, balio horiek oinarri bezala erabiliz.
Iñakok unibertsitatea maite du; unibertsitatea da bere pasioa. Unibertsitatea kudeatzen gozatu egin du, eta berarekin batera aritu garenok ere bai. Bere pasioa denok sentitu dugu eta, horri esker, aurrera egin dugu unerik gogorrenetan.
Iñakok erabakiak, errazak zein konplikatuenak, askatasunez hartu ditu beti. Ez du inoren mende lan egin. Unibertsitatean behar den bezala, pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gizon askea da; kudeaketan askatasunez jarduten dakien pertsona horietako bat.
Iñakok unibertsitatearen balio soziala azpimarratu du beti. Unibertsitateak erreferentzia soziala izan behar du balioen esparruan, eta horrela adierazten du tribuna guztietan.
Iñakoren kudeaketan, gardentasuna eta irekitasuna oinarrizko ardatz bihurtu dira. Unibertsitateko kide guztientzako kudeaketa egin du, eta gainera bere bulegoko ateak zabalik egon dira beti, bai gizartearentzat, bai eta unibertsitateko komunitate osoarentzat ere.
Iñako gizon aktiboa da. Ez daki geldirik egoten. Azken urte hauetan, inoiz ez bezala garatu eta hazi da unibertsitatea. Hori, zalantzarik gabe, Iñakoren jarrera aktiboagatik izan da.
Iñakok elkartasuna erakusten daki. Hemerotekan bilatzen duenak laster baieztatuko du hori. Euskal Herrian diren arazo larrien aurrean, beti adierazi du elkartasuna; baina gure unibertsitate barruko arazo txikietan ere bere elkartasuna sentitu dugu, eta ez dakizue zenbat eskertzen den hori eguneroko kudeaketan.
Iñakoren sormena itzela da, hala kudeaketa unibertsitarioan nola ikerketan -benetako ikerketan, berari gustatzen zaion bezala-. Ideien iturria da. Berak asmatutako proiektu unibertsitarioekin itsasoa beteko genuke. Gure unibertsitateak azken lau urteetan eman duen jauzia bere sormenagatik izan da.
Eta amaitzeko, Iñako: negar egin dudala aitortu behar dizut; itsasoa betetzeko beste malko isuri dut. Gure unibertsitateak aurrera egiteko aukera paregabea galdu du. Zuk erakutsi duzun etika unibertsitarioa ikusi nahi dut gure etorkizuneko UPV-EHUn. Posible izango ote da?