GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Koloretako ura

«Colored water» kartela ikusita, bakoitzak oso gauza desberdinak ikusten ditu. Batarentzat ur hori miragarria da, magikoa. Besteari nazka ematen dio iturri horretatik edateak. Bada,umearen ikuspegia berreskuratu nahiko nuke nik

Barack Obama demokraten hautagaia itzala uzten ari da uzten Amerikako Estatu Batuetako politikagintzan. Are gehiago esango nuke nik, politikagintzan eta gizartean. New Yorken egon naizen egunotan, halako baikortasun bat nabari zen bertako afroamerikarren artean. Gauzak aldatzea posible dela sinisten duenaren baikortasun hura. Garaipena hurre dagoela sentitzen duenaren indarra.

Elizabeth Macklin adiskidea ere uste berekoa da, giro berezia bizi dutela azkenaldian. Esan dit Obamararen txapa aldean daramanetik beltzek kalean gelditu egiten dutela, eta helbideak galdetzen dizkiotela, hara edo hona nola jo behar den. Halako etorbidea hartu behar da eta bestelako kalean barrena sartu. Ordura arte gutxitan gertatzen omen zitzaion hori, eta Obamaren txapak komunikaziorako bidea zabaldu dio. Txapa txiki batek, izen batek. Garai garrantzitsua da afroamerikarrentzat, garrantzitsua estatubatuarrentzat. Xehetasun bat baino ez da Obamaren jatorria, xehetasun txiki bat, baina hango gizartean xehetasunek sekulako inportantzia dute. Hautagaietako bat beltza izateak, eta presidentea izateko aukera izateak, eskubide zibilen aldeko mendetako borroken ondoren.

Elizabethen aburuz, zuriak ez dira jabetzen, ez gara jabetzen arrazakeria existitzen denik ere egun batean berarekin aurrez aurre egin arte. Emakume baten istorioa kontatu zidan adiskideak hori azaltzeko, nola jabetu zen emakume hura arrazakeria benetan existitzen zela bere herrian. Oporretara joan zen gurasoekin, artean neskatoa zelarik, Estatu Batuetako hegoaldeko estatu horietako batera. Bero zen udako egun hartan eta egarri zen neskatila. Halako batean, kaleko iturri bat ikusi zuen. Iturriak txarteltxo bat zuen gainean. «Colored water» jartzen zuen kartelean, koloretako ura itzulpen azkar batean. Umeak ezin zuen sinetsi, iturri hartatik ura ateratzen zen eta gainera koloretakoa. Eta korrika batean joan zen iturrira eta ahoa zabaldu zuen ur miragarri hura dastatzeko. Laranja zaporea izango zuen edo marrubizkoa. Berehalaxe jakingo zuen. Baina ahoa zabaldu eta edatera zihoala aita hurreratu zitzaion eta zabar baztertu zuen neskatila iturritik. «Ez edan ur horretatik», esan zion serio aitak, aurretik gutxitan erakutsi zion seriotasun batekin, «ur hori beltzentzat da soilik». Orduantxe konturatu zen neskatila «colored water» hark zer esan nahi zuen egiatan. Ez zen koloretako ura, «colored» beltzei deitzen zieten sasoi batean, eta ur hura afroamerikarrentzat baino ez zen, «koloredunentzako ura». Horrelaxe konturatu zen emakume hura arrazakeria bazela Estatu Batuetan, horrelaxe galdu zuen umetako inozotasuna.

Zein desberdinak diren umearen eta aitaren pertzepzioak. «Colored water» kartela ikusita, bakoitzak oso gauza desberdinak ikusten ditu. Batarentzat ur hori miragarria da, magikoa. Besteari nazka ematen dio iturri hartatik edateak. Bada, umearen ikuspegia berreskuratu nahiko nuke nik geuretzat, eta koloretako ura edan, den-denok eta iturri beretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo