GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

45 segundo edo

Lehengoan «Berria» eskuan nuela, denboraren premiaz orriak aurrera arin batean nintzela, orri osoko zer batek geldiarazi ninduen segundo gutxi batzuetan, 45 bat edo. Arrapaladan eman nion orriari goitik beherako begi kolpea: Kontuz!, irakurri nuen, oso arriskutsuak, segituan, adi!, beherago, ondo itsasten eta erraz ugaltzen dira, beheko aldean, izurritea dira, aurrekoaren ondoan, eta ez fidatu, amaitzeko. Gainera, lau argazki handi ziren han, orriaren erdialdean. Tira, badakit!, pentsatu nuen, erakunde armatuaren kupula atxilotu berriaz doa kontua. Orriren bat geroago beste izenburu batek harrapatu ninduen, Lakua: inguru misteriotsua! Hara, jaurlaritza!, pentsatu nuen. Total, kafeari azken zurrupada eman eta azkar batean egin nuen tabernatik alde, afalosterako utzita orri hartakoa patxada handiagoz irakurtzeko gogoa. Handik 45 bat segundora buelta`n nintzen tabernan, bueltak barra gainean ahaztuta utzita baineuzkan. Hau burua, hau!, pentsatu nuen, konturatu gabe hain goiz izateko hirugarren aldia zela pentsatzen nuela.

Gau hartan, afaldu ondoren eta harrikoa egin aurretik, lasaiak hartuta eta sofan hankak zabal-zabalik, ez galtzarik ez galtzerdirik, berriro prentsa hartu eta goizeko orrietara bueltatu nintzen pertsona informatua izate aldera. Haxe kolpea! ze kupula eta kupula oste! Patxadaz irakurri nuen hura, goitik behera: Kontuz! landare exotiko inbaditzaileak ederrak dira, baina oso arriskutsuak... Ondo itsasten eta erraz ugaltzen direnez, gero eta ingurune gehiago kolonizatzen dituzte... Izurritea dira eta arrisku larrian jartzen dute naturaren oreka... Ez itxurarekin fidatu. Ez landatu. Eusko Jaurlaritza. Ingurumena.net. Eta lau argazki erdian, bai, egia, Baccharis Halimiolia, Cortaderia Selloana eta beste bi. Akabua!, eta nik pentsatzen nuela haietariko bat zela Fabiola Ispasterrekoa! Eta beste orrian: Lakua: inguru misteriotsuak, «Berria»k hilero ateratzen duen «Nora» aldizkariaren oraingo aleko gai nagusia. Haxe kolpea! Ene, ene! Hori gertatzen zait prentsari hain begirada arina emateagatik. Horra lehengoan gertatu zitzaidana ere, eguraldiari erreparatzeko 45 segundo izan ez eta beheko sutarako pinaburuak batzen euritako barik atera nintzela zikloi batek harrapatu ninduen bete-betean pinuditik ateratzean. Eta hori gaurko kliman, kontuak atera zer izango aldaketarekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo