Sagrario Aleman: «Behingoz ondu dadila helduen euskalduntzea»
Sagrario Aleman euskaltzainaren sarrera ekitaldia izan zen atzo Etxalekun, Dorrotoa izeneko etxean; Patxi Salaberrik eman zion erantzuna. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta domina eman zizkion.
GARA | ETXALEKU
Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, «Sagrario Alemanek bermatzen ditu bere ekinean Euskaltzaindiarentzat ezinbestekoak direnak: batetik, euskararen aldetik, oinarri sendoa, betikoa, ekialdeko doinu erakargarria eta gogo irmoa, emakumearen ahots eta aldarte taxuzkoak moldatua eta, bestetik, euskara bera, gure nortasun eta komunikazio-tresna izan dadin ahaleginean barruratua».
Besteak beste, euskaltzain berriak euskalgintzan duen eskarmentu luzea gogora ekarri zuen Urrutiak. «Askoz luzeagoa, hala ere -gaineratu zuen-, bere maisutasuna Nafarroan euskararen transmisioa bermatzen. Esan gabe doa, Sagrario Aleman bera eta bere modukoak behar ditugula gure hizkuntzak bizi-irautea bermatu nahi badugu».
Urrutiak amaitu orduko, Andoni Sagarna eta Patxi Zabaleta euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Aleman «Berdetik horira» izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko. Bi ataletan banatu zuen hitzaldia: batetik, hizkuntzaren transmisioarekin lotura zuzena dutenei buruz aritu zen, bere bizitza zeharo markatu dutenak. Ume eta gaztetako oroitzapenekin hasita, Etxaleku sorterriaz mintzatu zen lehenik, Euskal Herriko beste hainbat gune euskaldunetan izandako garapena azaldu nahian. Eta ondotik, helduen euskalduntzearen lanean bizi izandakoak bildu zituen.
Panorama, «gazi-gozoa»
Hala bada, euskararen biziberritzeak azken 40 urteotan izan dituen gorabeherak aipatu zituen, panorama gazi-gozoa irudikatuz, prozesu orok bezala, honetan ere argi-itzalak baitaude.
Gogorarazi zuenez, Nafarroako euskal eremuak eta mistoak bat egiten duten Etxalekun, 40eko hamarkadan «euskaraz bizi ginen, gaztelaniak eskolako hizkuntza eta euskaraz ez zekiten erdaldunekin aritzeko balio zuen». Garai hartan, hori bai, euskarak ez zuen prestigiorik eta herri askotan atzera egin zuen, bera lekuko; atzerabide hori ekarri zuten hainbat baldintza izan ziren: «Eskolak elkartu zituzten eta haurrak beren herrietatik atera. Haur euskaldunak gutxiengoa ziren eskola handi haietan. Zorionez, 1979an ezarritako D eredua indartuz joan zen eta Imozko ume gehienak geroztik eredu horretan aritu dira».
Estatistikari dagokionez, itxaropenik badu, «etorkizunean %100 euskalduna izan liteke inguru honetako populazioa», baina jabetua da hori, akaso, ez dela nahikoa izango: «Noiz eta zenbateko populazioa izanen ote da? 1935ean, Etxalekun, 272 lagun bizi ziren». Orain, aldiz, «populazioa ttikiagoa, beti behera. Jendea zaharrago eta etxekoiago, karrikak hutsago, herria motelago eta totelago. Autonomia ere gero eta ttikiagoa du herriak». Euskaldunak oro, baina transmisio ahalmen txikiagoa nabari da, ez ezagutzari dagokionez, baina bai, eta batez ere, erabileran, euskara ez ezik, etxeko euskara ahultzen delarik. Bere ardura, beraz, euskararen erabilera zera horretan datza, hizkuntzaren lekuan lekuko nortasuna gal ez dadin.
Hari horri tiraka, herri euskaldunean berezkoa duten transmisiotik bestelako transmisiora jo zuen Alemanek, hots, helduen euskalduntze-alfabetatzera. Arturo Campion euskaltegiko irakasle izaki, bizitza erdia horretan eman du. 40 urteotan indarrean izan den euskalduntze-prozesuan Euskaltzaindiaren esku-hartzea ere izan zuen gogoan, «zutabe nagusi» izan baitzen euskaltegien sorreran.
Finean, aurrerakada agerikoa da eta jendea euskalduntzen ari da, «norbanakoaren ahaleginaz, baina lana arintzeko ahalik eta erraztasun handienak eman behar dizkiogu, zama guztia norbanakoaren bizkar utzi gabe». Ekin horretan, aitortu zuen euskalduntzea oraindik Nafarroan sendotzeke dagoela, eta hitzaldiaren azken tartean, Nafarroako Gobernuari zuzendu zitzaion, dirulaguntza politika behingoz alda dezan: «Normalizazioaren bidean abiatuko ahal da Nafarroako Gobernua! Oraindik berde dagoen helduen euskalduntzea behingoz ontzeko, behingoz horitzeko».
Patxi Salaberri arduratu zen Alemani erantzuteaz; biak ere lankide izanak dira Arturo Campion euskaltegian. Salaberriren esanetan, bada, besteak aurretik esandakoa adierazia berretsiz, «nafarrok euskara batuari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrietan hain ugaria den, hainbeste ñabardura dituen hiztegiarekin aberastea da batetik, eta esamoldeen munduan sartzen diren esaldi egin baina ez erabat finkatu horiekin osatzea bestetik».
Argi du Salaberrik Alemani ez zaiola lanik faltako Akademian: «Bere ekarpena, hiztegi batua apailatzean etxean ikasitako hitzak sartzea alegia, biziki garrantzizkoa da euskararentzat eta Nafarroarentzat; izan ere, dirudienez Imotz alderdi honek, hein batean, Iruñerriarekin edo Iruñerriko iparraldeko jende eta ibarrekin lotura zuen hiztegi mailan eta, beraz, Imozko hitzei sarbidea ematea erdararen bulkadaren aitzinean lekuak hustu behar izan zituen hizkerari sarbide ematea da, neurri batean».
«Euskara helduei irakastea ere garrantzizkoa izan da azken hamarkadetan eta izanen da ondokoetan. Sagrarioren lana ezinbestekoa izanen da bi `akademietan', Euskaltzaindian eta Arturo Campionen, gure hizkuntza irakatsi eta sustatzeko zereginetan».