GARA > Idatzia > Eibar

Albaceten du hitzordua

Eibarrek ez du azken urratsa gehiago atzeratu nahi

Carlos Belmonten puntu bakarra lortuz gero, talde gorri-urdinak mantentzea ziurtatuko luke

p044_f01.jpg

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Bidea luzea baino luzeagoa egin zaio Eibarri, batez ere azken txanpa honetan. Orain dela hilabete eta erdi Kordoban irabazi ondoren, mantentzea eskura zuen talde armaginak, baina harrezkero ez du garaipenik lortu eta sei aste daramatza, beraz, azken urratsa ematearen zain.

Aukera ederra izango du gaurkoan ere. Izan ere, sailkapenaren behealdean dagoen korapiloa ikusita, egun dituen 49 puntuak nahikoak izan daitezke baina, badaezpada, gorri-urdinek denboraldiaren hasieran jarritako 50 puntuen helburua erdietsi nahi dute. Nahikoa izango litzateke, beraz, gaur arratsaldean Carlos Belmonten berdinketa lortzea, hain gertu egon arren, lortu ez duten lasaitasuna behingoz lortzeko.

Aukera aproposa litzateke, gainera, gaurkoan aurkari zuzenaren aurka arituko baitira gipuzkoarrak. Berdinduz gero, Albaceterekiko duten lau puntutako abantailari eutsi eta, horrez gain, gol average-a beren alde utziko lukete, Ipuruan lehen itzulian garaipena lortu ondoren.

Bestetik, argi dago Albacete azken txanpa honetan izango duten aurkari errazena dela, bere sailkapen kaskarrak hala adierazten baitu. Hala eta guztiz ere, zelaian beti gerta litezke ustekabeak. Maximo Hernándezen taldeak, adibidez, liderrak datorren astean izango ez duen motibazioa izango du; soberan, ziur aski. Horrek, hala ere, eta baikorrenek esango luketen bezala, ez du derrigorrez ona izan behar etxekoentzat, motibazioa askotan presio bilakatzen baita. Eta horri probetxua ateratzen saiatuko da Eibarko taldea.

Baita aurkariaren jokoak dituen hutsuneei ere. Besteak beste, golak sartzeko zailtasunari -gol gutxien sartu dituen taldea da, 33 besterik ez- edota etxean emaitza onak ateratzeko arazoei -25 puntu besterik ez ditu lortu aurten Albacetek Carlos Belmonten-. Teoriatik praktikara, alde ederra dago eta, zoritxarrez, Eibar ez da izan, oraingoz, horrelako egoerei probetxu handirik atera dien taldea. Izan ere, hiru garaipen besterik ez ditu eskuratu etxetik kanpo.

Aldaketa atean

Armaginak, gainera, ez dira beren egoera onenean helduko. Ez fisikoki, azken partidetan argi geratu den bezala; ez eta hutsuneei dagokienez ere, hutsuneak asko eta garrantzitsuak baitira.

Alaña eta Etxaberen lesioez gain, Ivan Cuellarrek, Biel Medinak eta Raul Garcíak zigorra bete beharko dute eta horrek hainbat aldaketa eragingo du hasierako hamaikakoan. Deigarriena atekoa izango da, denboraldian hirugarren aldiz Manu Herrera arituko baita -bigarren taldeko atezain Xabi Iruretagoienak ere bertaratu zen-.

Hortik aurrera, hainbat jokalariren parte-hartzea zalantzan dago, Markelen arazo fisikoak direla-eta. Lekeitiarra jokatzeko prest badago, hamaikakoan egongo da, defentsaren aurretik eta lau gizonek osatutako zelai erdiko lerroaren atzetik.

Arazoak desagertzen ez badira, berriz, Javier Mandiolak bost gizonek osaturiko defentsa jarriko du: Txiki eta Martino arituko dira hegaletan, eta Urzelai, Gurrutxaga eta Manel erdialdean.

s

t

ALBACETE - EIBAR
MATEMATIKA

Matematikarekin bueltaka dabiltza eibartarrak. Sailkapenaren behealdean dagoen korapiloa ikusita, egun dituzten 49 puntuak aski izan litezke baina, badaezpada, hasieratik jarritako 50 puntuko helburua bete nahi dute.

HUTSUNEAK

Hutsune ugari eta garrantzitsuak dituela ekingo dio Eibarrek partidari eta, ondorioz, hainbat aldaketa egongo da hamaikakoan. Deigarriena atekoa izango da, aurtengo denboraldian hirugarren aldiz Manu Herrera arituko baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo