Buruz Buruko Txapelketa
Barriola eta Gonzalez, finalerako txartelaren bila
Leitzarra da faborito, baina aurtengo txapelketako kanporaketa gehienetan ezustekoak izan dira nagusi
Ander GARTZIA | BILBO
Atzerapenak atzerapen iritsi da pilotazaleek gogotsu espero zuten eguna: Buruz Buruko bigarren finalerdia (17.00 ETB-1). Atano III.a gudu zelai gisa, Abel Barriola eta Sebastian Gonzalez izango dira aurrez aurre final handirako txartela eskuratzeko lehian; arratsaldean, beraz, kantxan ikusitako tantoez bakarrik hitz egingo da. Barriolak pilota hautaketan esan bezala «irabazi edo galdu, atzerapena ez da aitzakia».
Leitzarra da, hain justu, 22 tantotara iristeko faborito eta apustularien arabera diru bikoitza aterako da nafarraren alde. Barriolak badaki txapela janztea zer den, eta iazko txapelketan Aimar Olaizolaren aurrean makurtu behar izan zuen finalean. Gainera, orain arte jokatutako partida bakarrean aise gailendu zitzaion nafarra Patxi Ruizi 22 eta 6. Gonzalezek, berriz, Banakako laugarren finalerdikoa izango du jarraian, eta aurreko hiruretan ez bezala, bere aurreneko final handirako txartela lortzen saiatuko da.
Ezustekoak
Pilotan, ordea, unean unekoa bizi behar da; aurreko urtetan egindakoak ezer gutxirako balio ohi du, batik bat, gaur arratsaldekoa bezain une erabakigarrietarako eta, are gehiago, aurtengo txapelketak utzitako emaitzak ikusi eta gero. Izan ere, orain arteko partidetan ezustekoak izan dia nagusi eta iganderoko faboritoak gutxika-gutxika bide bazterrean geratu dira. Xala izan zen etxerako bidea hartzen aurrena, Olaizola I.aren aurka galdu eta gero. Kanporaketek aurrera egin ahala faboritoen zerrenda estutuz zihoan, baina final-laurdenetan piztu zen alarma gorria. Gonzalezek 22-20 hartu zuen mendean Irujo eta Bengoetxeak gauza bera egin zuen Olaizola II.arekin (22-12), iazko txapeldunarekin.
Beraz, aurreko kanporaketak aztertuta arriskutsua izan daiteke faboritoez hitz egitea. Pilotari bakoitzaren uneko sasoiak baldintzatuko du partida. Azkaindarra ez da unerik onenean iritsiko arratsaldeko hitzordura, hamar egunetan geldirik egon behar izan baitu ezkerreko hankan izandako lesioagatik, baina osteguneko pilota hautaketan azaldutakoaren arabera, norgehiagokara «ehuneko ehunean» iristea espero du.