ALBI Helburua lortuta
Galdu arren, Avironek maila nagusian jarraitzeko txartela ziurtatu du
ALBI 13
AVIRON 6
J.L. | BAIONA
Galdu arren, Avironek heldu den urtean maila nagusian jarraitzeko txartela ziurtatuta utzi zuen atzo Albiren zelaian. Izan ere, Akizek galdu egin zuen, eta zuri-urdinek, bi jardunaldiren faltan segurua dute txartela, nahiz eta aurretik ere hori bazekiten.
Atzokoan Avironek etxetik kanpo jokatzen duenean sarritan egin ohi duen partida egin zuen, kaskarra, alegia. Albik askoz ere gehiago zuen jokoan, izan ere, mailari eusteko txartela baitzuen jokoan. Avironek bazekien hori lortzea denbora kontua zela, eta lasai jokatu zuten. Albik, aldiz, oso urduri ekin zion norgehiagokari, eta horrelaxe aritu zen partida osoan zehar, galtzeko beldur horrek ez baitzien bertako jokalariei zutena erakusten utzi. Dena dela, atzo aurrean zuten taldeak ere ez zien traba handiegirik jarri.
Etxekoak berehala jarri ziren aurretik, baina Larretxeak segituan berdindu zuen. Hortik aurrera etxekoak izan ziren baloiaren jabetza izan zutenak, eta markagailuan aurretik izan ziren une oro.
Euskaldunek amaiera aldera estutu zuten aurkaria apur bat; azkeneko minutuetan Daniel Larretxeak beste zigor bat gauzatu zuen, eta defentsako lanari esker puntu gehigarria lortzeko balio izan zien. Orain bi jardunaldi geratzen dira, baina Baionan dagoeneko heldu den denboraldia dute buruan. Hori bai, aurten azkeneko urte hauetan lortu duten sailkapenik onena lor dezakete, eta horretan ahaleginduko direla adierazi dute jokalariek.