GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Manifestazio jendetsua Donostian

AHTren lanak gelditu eta inposizioari aurre egitera deitu dute milaka lagunek

Abiadura Handiko Trenaren proiektuak euskal herritarren artean desadostasun maila ikaragarria duela agerian utzi zuten atzo berriro ere milaka herritarrek Donostian. Oztopo eta isilarazte saiakera ugari bizi izan dituen Gelditour Ekimena Gipuzkoako hiriburuan amaitu zen egun osoko jaialdiarekin.

p002_f01.jpg

Gari MUJIKA

Egun osoan izandako etengabeko euriak ere ez zuen eragotzi AHT Gelditu Elkarlanak Donostian deitu zuen nazio manifestazioan milaka herritarrek parte hartzea. Segur asko gehiago izango ziratekeen eguzkia agertu izan balitz, baina, halere, oholtza gainean Mila Elortzak esan zuenaren arabera, AHTren aurkako mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan zen atzokoa.

Goizean hasi zen AHTren aurkako eta Gelditour ekimenari amaiera emateko jaialdia. Alde Zaharra trikitixa soinuekin esnatu zen, ondotik sagardoarekin zintzurrak bustitzeko. Horrela, herri bazkaria iritsi arte. Konstituzio plazako arkupeetan bazkaldu zuten ehunka lagunek, baita Txan magoaren ikuskizunaz gozatu ere eta, nola ez, Alde Zaharrean zein Bulebarrean Gelditourren muina izan den eta, antza, Gasteizko eta Nafarroako Gobernuek gustuko ez duten AHTren gaineko informazioa non-nahi ikusi eta jaso zitekeen.

«AHT gelditu! Eztabaida gehiago, inposizio gutxiago» leloa irakur zitekeen 17.30erako antolatua zegoen manifestaziora deitzen zuten karteletan. Urrunetik begiratuta, Bulebarrean ia aterkiak besterik ez zeudela zirudien ordu horretan; euria etenik gabe ari zuen orduan ere. Bozgorailuetatik, AHT Gelditu-k kaleratu berri duen DVD informatibo baten berri ematen zuen kide batek, baita horiek erosteko gonbita luzatu ere. Bide batez, dei bera baliatuz, manifestazioan zehar eskuorriak banatzeko boluntarioak eskatu zituen; baita erantzun baikorra jaso ere, ugari izan baitziren bai DVDak etxera eraman zituztenak, bai eta eskuorriak banatzen ekarpena egin zutenak ere.

Hogeita hamar bat joaldunek mobilizazioa irekitzen zutela abiatu zen Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa. Milaka eta milaka ziren Donostian «Herriak bizirik, AHTrik ez!» edota «Txikizioa gelditu» oihukatu zutenak.

Manifestazioaren aurrean ere, iratxoz mozorroturiko bi lagun zirikatzailek irribarre ugari eragin zituzten. Baita halako egoeratan urduritzen diren udaltzainenak zein bidean aurrera egin ez dezaketen auto gidari ernegatuenak ere. Bestelako poliziei ordea ez; Ertzaintzaren bost furgoneta aurretik zihoazen eta beste hainbat kale kantoietan geldirik zeuden.

Tentsiorik gabe igaro zen manifestazioa, Askatasunaren Hiribidetik, baita zubia igaro eta Gros auzoan sartu zenean; baina, Renfeko geltokiaren parean pilota jaurtigailuak eskuetan zituztela zegoen ertzain andanak manifestazioan zihoazen herritarren aldartea aldatu zuen. Txistuak entzun behar izan zituzten poliziek, baina mobilizazioak aurrera jarraitu zuen, Donostiako auzoa inguratu eta Zurriolako pasealekutik berriz ere hasierako puntura itzultzeko. Zazpiak jotzear iritsi zen manifestazioa Bulebarrera, txalapartaren doinuek ongietorria ematen zien bitartean.

Gelditour ekimenari oztopoak besterik jarri dizkion Donostiako udaletxearen magaleko oholtza gainean hartu zuten hitza AHT Gelditu Elkarlan-eko hiru kidek. Nafarroako kide bat izan zen lehenengoa eta joan den astean UPNren Gobernuak aurkeztu berri duen 2012 Nafarroa Plana gogor salatu zuen, besteren artean, «suntsiketaren eta lurralde zatiketaren ibilgua» izango dela nabarmenduz. «Alferrikakoaren ikur modernoa da AHT», gaineratu zuen.

Herri eztabaida bultzatuz

Ondotik, AHT Gelditu Elkarlaneko Mila Elortzak hartu zuen hitza eta bertaratu ziren milaka herritarrak zoriondu zituen «agintariei herri eztabaida irekitzeko eta lanak berehala geldi daitezen» galdegiteko manifestazioan parte hartzeagatik.

AHTren egitasmoaren atzean «gure lurra, gure herria eta gure bizimoduaren suntsipena» dagoela azaldu zuen, eta inposizio horren aurka azken hilabeteotan izan diren protesta-ekimenak banan-banan aipatu eta txalotu zituen. Hala, Ordiziako lanen hastea ekiditea edota Eskoriatzan eta Aramaion herritarrek izandako jarrera nabarmendu zituen; baita eredu gisa jarri ere: AHTren lanak geldiezinak direla diotenak gezurtatzen dituzten frogak baitira horiek. Hori esan orduko hasi ziren «PNV txikitzaile» gisako oihuak.

AHTren aurkako mugimendua indartzen jarraitzeko deia egin zien Elortzak manifestariei, «borrokan jarraitzeko deia»; ildo horretan, «guztion konpromiso eta ekimenaz lortuko baitugu AHT gelditzea». Txalo zaparrada itzelarekin amaitu zen manifestazioa; aurretik, Gelditour ekimenak eragindako gastuak betetzeko Usurbilen, iluntzean, antolatu zituzten kontzertuen berri eman zuten. Batek baino gehiagok etxera itzuli beharrean goizeko ordu txikiak iritsi arte jai giro itzela egon zen sagardoaren herrira jo zuen orduan.

DVD INFORMATIBOA

AHT Gelditu Elkarlanak Donostian aurkeztu zuen estreinakoz argitaratu berri duen DVD informatiboa. Ahal den bezainbat zabaltzeko deia egin zuten antolatzaileek eta berau eskuratzeko gonbita egin zieten bertan ziren herritarrei.

PROTESTA GALDAKAON

Basaurin eta Galdakaon agintari espainolek AHTren lanak hasi dituztela salatzeko, ostiralean ehun lagunek baino gehiagok elkarretaratzea egin zuten Galdakaon. Obra horiek protesten jo-puntu izango direla ohartarazi zuten.

JENDEA EZIN IRITSI

Manifestazioa hasi baino lehen A-8 autopistan Donostia inguruan gertatu zen auto-istripua zela-medio, hainbat herritarrek GARA egunkarira deitu zuten jende andana AHTren aurkako protestara iritsi ezinik gelditu zela ohartarazteko.

DESOBEDIENTZIA ZIBILA

Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak hasi direla kontuan hartuz, eta Galdakaoko herritarrei zuzenduz, hemendik aurrera «desobedientzia zibilaren garaia» dela azaldu zuen Bizkaiko herriko AHT Gelditu Elkarlanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo