GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Perez Segiko kidea

Hipokresia bagoiak

Propaganda jasangarriaren faltsukeria hankaz gora bota duen argumentuz beteriko barrikada da hau, AHTren kostu soziala, ekonomikoa eta politikoa argi erakutsi duena

Euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du abiadura handiko proiektuarekin». «Ez ezerk ez inork ez du eraikitzea ekidingo». Irmotasun horrekin iragarri zuen Mikel Cabieces Gobernuaren ordezkari espainiarrak AHTren lanen hasiera. Ziurtasunik gabe dabilenaren irmotasunarekin, edo gezurretan ari dela dakienaren irmotasun faltsuarekin.

Hamarkada bat daramate gu konbentzitu nahian, proiektuaren onurak azalduz, baina oraindik zalantzak handiegiak dira «horren ona» omen den proiektuan. Izan ere, ez dugu denborarik alferrik galdu eta geroz eta gehiago dira proiektua geratzeko eskatzen duten ahotsak, publikoki eztabaidatzea eskatzen dutenak, hitza herritarroi ematea eskatzen dutenak. Egunetik egunera gehiago gara eurak aberastu daitezen gure herria txikitzen utziko ez diegula diogunak. Izan ere, AHTren proiektuaren xedea ez da garraio arazoak konpontzea; lurraldea antolatzeko modu berri bat inposatzera dator, baliabide guztien kontsumo bortitzean oinarritzen den eredua inposatzera. Dena birrintzen duen makina kapitalistaren arabera jarduten ez dutenen bizi eredua apurtzera dator. Udalerrien arteko harremanei bizkarra ematen dien eredua da, ikuspegi merkantilista hutsetik egina. Euskal hiriburuen arteko harremanak hobetzeko helburua omen du, baina mapa zabalduz gero erraz ikusten da estatuz gaindiko komunikazioak garatzeko ezinbesteko pieza besterik ez dela. Euskal Herrian pasekoa izango da trena, euren egiazko interesak lotuko dituen paseko munstroa.

Garai garrantzitsua da hau, lan guztiei ekiteko erabakia hartu dutela dirudielako. Ezkutuan, dena iluna eta dena gezurra. Gure herrian inoiz egin den azpiegitura handienarentzat, protokolozko ekimen bat bera ere ez. Ezta argazki bakar bat ere lehen harria jartzen. Euren intentzio makurraren erakusgarri. Herriari bizkar ematen, eztabaidatzera esertzeko eskatzen diegun milaka pertsonei entzungor. Diru truk bere burua saltzen duela dakienaren lotsarekin. Berberak baitira halako makroproiektu baten beharraz konbentzitu nahi gaituztenak eta hori eraikitzen aberastuko direnak. Harrobiak, hormigoia, hondakindegiak, makinak... neurriz kanpoko kopuruetan. Xahuketa honetan falta den dirua Madrilek jartzen du, aldez aurretik kupo bidez guri kendutakotik, noski.

Baina no problem! Ezin da diruari begira aritu arriskuan horrenbeste dagoenean. AHTren proiektuaren atzean interes mamitsuagoak ezkutatzen dira. PNVko zein UPNko erregionalistek eta PSOEko bidai lagunek dituzten interesak. Lotsagarria da proposamena, agerikoa jokaldia. Madrilek agindu, eskuin erregionalistak kudeatu eta horretarako Euskal Herria saldu eta ukatu. PNVk alfonbra gorria jarri dio Madrili Arabako atetik sukalderaino sartu eta Uztaritzetik atera dadin. Hori bai, diru-poltsak PNVren etxean geratzen dira. PSOEk bazkaltzera deitu du, PNVk mahaia jarri du, eta alderdiaren enpresak tripatzarrak lehertu arte jatera doaz.

Badakite, ordea, etxe honetan halako banketeak ez direla lasaiak. Gero eta gehiago dira barrikadaren alde honetara pasa direnak, herri sektoreen interesak defendatzen ditugunon aldera. Eragiten digunari buruz erabakitzeko eskubidea benetan defendatzen dugunon albora. Horretarako herria zeharkatzen ari gara informazioa emanez eta salatuz, hau eta gainontzeko proiektu txikitzaileak berehala bertan behera utz ditzatela eskatuz.

Benetan garrantzitsua den garai honetan barrikada hazten ari dela erakusten ari gara, eta eurek badakite gainera etorriko zaiela. Propaganda jasangarriaren faltsukeria hankaz gora bota duen argumentuz beteriko barrikada da hau, AHTren kostu soziala, ekonomikoa eta politikoa argi erakutsi duena. Jendartearen gehiengoak elikaturiko barrikada. Eta horri diote beldur, badakitelako barrikada honek irtenaraziko dituela errailetatik euren hipokresia bagoiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo