GARA > Idatzia > Gutunak

M. A. Zubiria, JJ Agirre, Txiki Iriarte eta Edu Urrestarazu Sakanako NaBaiko hautetsiak

Sakanan, gezurra parez pare

Duela egun batzuk Fran Balda hautetsiaren gutun iraingarriak irakurri ditugu «Guaixe» astekarian lehenik eta GARAn nahiz «Berria»n ondotik. Azken horiei erantzutera datoz lerrook.

Nafarroa Baik herriaren borondatea errespetatu du eta errespetatzen du beti. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan, ordea. 182.2 artikuluaren aplikazioa ez da bideragarria, zerrendak hustea eragingo bailuke besteren artean, baina gainera, artikulu hori erabiliz izendatutako zinegotziak Espainiako epaileen erabakiaren mende geratuko lirateke berdin-berdin.

Nafarroa Bai ez da EAE-ANV baztertzen ahalegintzen, inondik ere. Aldiz, EAE-ANVk Nafarroa Bai izendatu du etsai nagusi. Sakanako EAE-ANVk ez du borondaterik, ez gaitasunik, ez Nafarroa Bairekin ez beste ezein indarrekin akordiotara heltzeko.

Euskara Zerbitzuaren araudia ez da aldatu; Euskara Batzordearena aldatu da, Batasunak aurreko legegintzaldian aldatutakoa zuzentzeko asmoz. Portzierto, bilerak erdaraz egiteko aukera ez da zabaldu, eta euskalgintzako taldeen parte-hartzea inoiz baino ugariagoa da orain. Bai Euskarari dinamika ez da bertan behera utzi, aurrera darrai osasuntsu; Mankomunitateak horretarako aurrez jarritako liberazioa ez du berritu ordea, beste hamaika premia zeudelako horren aurretik, eta ez delako hori administrazioaren betebeharra. Baina euskara arloan lanean ari dira, aspaldiko partez, Sakanako administraziorik gehienak, mankomunitatetik hasita.

Euskararen garapenari trabak jarri dizkiogula dioen salaketa bitxiak barregura eragingo liguke, sektore jakin baten kanpaina gaiztoekin nazka-nazka eginda ez bageunde. Baina, Euskara teknikarien lan-poltsa osatzeko prozesuan entxufismoa egon delako akusazioak, oinarririk ez izateaz gainera, onartezinak dira guztiz.

Egun Etxarriko alkate dena, beste izangai guztiak aurkeztu diren baldintza berdinetan aurkeztu da euskara teknikarien lan-poltsa osatzeko probetara. Proba guztiak gainditu dituztenek osatu dute lan-poltsa, eta bertatik hartu dira lanpostu hutsak aldi baterako beteko dituzten teknikariak. Inork ez du, horrenbestez, lanposturik «lortu», lehenengo eta behin.

Gainera, Etxarriko alkateak berak zeukan eta dauka aurkeztutako izangaien artean lanari lotutako eskarmenturik zabalena, euskara teknikaria baitzen lehen ere lanbidez, eta berak lortu zuen puntuaziorik hoberena proba guztiak bukatuta. Edonola ere, oso kontent geratu ginen beste izangaiek erakutsitako mailarekin ere. Non dago arazoa?

Areago, ahalik eta epaimahairik gaituena eta anitzena osatzen ahalegindu ginen inork inongo zalantzarik eduki ez zezan; hala, bertako kide izan dira Mankomunitateko gerentea eta idazkaria, presidentea eta Euskara Batzordeko burua, UEMAko teknikari bat, eta ENAIko beste bat. Prozesua gardena izan da hasi eta buka, epaimahaikideek eurek idatziz argitara eman duten bezala (ikus www.guaixe.net).

Etxarrin, Bakaikun eta Ziordian plenoetara sarbidea, informazio guztia eta eztabaidatzeko aukera betea dute EAE-ANVko ordezkariek ere. Bakaikun, beste inongo taldek ez duen udaletxeko gela husteko behin eta berriz eskatu ondotik, gelako giltza aldatu zen, herriarendako (guztiarendako) zerbitzua jarri ahal izateko.

Etika politikoaz botatakoak eztabaidarik ere ez dute merezi. Soilik esan nahi dugu, harro gaudela batzuek darabilten etika ez, oso bestelakoa erabiltzeaz.

Bukatzeko, harrokeriaz gain, koakzioa, gezurra eta iraina, EAE-ANVko ordezkari jakinen jardunaren ezaugarriak direla salatu eta argi utzi nahi dugu, Sakanan bizi den orok behintzat, ondotxo dakien bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo