GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Igor Mercado Filosofian lizentziatua

Etikaren norabideak

Ekintza bortitzetan baino, ETAren existentzia eragiten duten arrazoietan dago arazoa; hau da, Euskal Herriaren ukapen nazionalean. Burujabetzaren bidean UMP, PSF, PP eta PSOEren eskutik trabak bakarrik espero ditugu. Zer espero, ordea, jeltzaleengandik? Ezin daiteke gutxieneko etika abertzale bat eskatu Sabin Etxean?

Harrigarria suerta daiteke etika bezalako hitz bat politikari askoren ahotan entzutea. Dena den, antzinako grekoek, Aristoteles buru, etika eta politikaren arteko harreman estuaren berri eman zuten. Gaur egun, etika enpresen munduan barneratzeko ahaleginak egiten omen dira, kazetari on batek buruan du zein den berriak plazaratzeko gutxiengo etikoa eta finantzen mundua ere etikaz zipriztindu nahi dute. Mesfidatiak azkar ebatziko luke iruzur usaina, tentagarriegia suerta baitaiteke etikaren erabilera ankerkeriaren kiratsa estaltzeko, baita etekinak marketinaren bidez lortzeko ere. «Etikoak gara, eros ezazu gure produktua». Etika label bilakatua.

Etekinez asko dakiten politikari batzuek, erabilgarritasun horretaz ohartuta, eurena egin dute etika, interes berekoi bat jarraituz, jazarrita dagoen alderdi politiko baten oihartzuna isilarazteko. Aitzakia, ezaguna denez, ETAren indarkeria gaitzetsi beharra dagoela etikoa izateko. Puntu honetan, betebehar moralen unibertsaltasuna gogoratu beharra dago. Hau da: norbait hiltzea edo biolentziaren erabilera inmoraltzat jotzen badugu, orduan biolentziaren erabilera oro eta erailketa guztiak kondenatu beharko genituzke, norabide guztietan. Paper eta bolalumaz sortzen den biolentzia alboratuz, Frankismoaren, Iraken egondako armadaren, GALen edo kolore desberdineko indar polizialen ekintzak kondenatzeko prest egongo lirateke euren buruei demokrata izena jarri dieten horiek? Aldarrikatzen duten ikuspegi etikoa moral partidistaren forma desatsegina hartzen ari da. Bide horretatik, salmenta urriak.

ETA gaitzestea eta bestelako biolentziekin gustura aritzea gutxieneko etikoa omen da EAJ eta PSOErentzat, nahiz eta gaitzespen horiek azalekoak diren eta ezer gutxi laguntzen duten gatazkaren konponbidean. Ekintza bortitzetan baino, ETAren existentzia eragiten duten arrazoietan dago arazoa. Era sinple batean esanda: Euskal Herriaren ukapen nazionalean. Burujabetzaren bidean UMP, PSF, PP eta PSOEren eskutik trabak bakarrik espero ditugu, gure herriaren opresore baitira. Zer espero, ordea, jeltzaleengandik? Ezin daiteke gutxieneko etika abertzale bat eskatu Sabin Etxean? Tamalez, jeltzaleen jokabidea ikusirik, halako eskaera batek ezingo luke atariaren muga zeharkatu. Euren portaerak despotismo ilustratuaren garaia dakar gogora. Herri zapalduaren egoera hobetzearen aitzakiarekin baina matxinada eskubidea ukatuz, filosofoak erregeekin harremanetan jarri ziren neurriak har zitzaten. Interesengatik eginiko ezkontza horretan, erregeek bere errejimenaren justifikazioa aurkitu zuten eta intelektualek euren klasearentzako erreformak. «Dena herriarentzat baina herririk gabe» eta «nahi adina eta nahi duzuenaz arrazoitu baina obeditu» leloek argiketa garaiko espiritua laburbiltzen dute. Egia da aldaketak bultzatu zirela, horren adibide Kanten «arrazoi publikoaren erabilera» (gaur egungo adierazpen askatasun gisa uler daitekeena), baina herriaren askatasunaren giltzek erregeen poltsikoetan jarraitu zuten.

Jelkideen portaeretara bueltatuz, ez da ezkutukoa euren interesak, herrian baino, zanpatzailearekin, PSOErekin, harremanak sendotzean jarri dituztela, ilustratuen antzera. Jose Luis Bilbaok proposaturiko «hitzarmen handia» lortzeko edozer egiteko gai dira, Madriletik datorren agindu oro betez edota horiei aurre hartuz, betebeharra zein izango den imajinatuz. Nola? Bilbon bandera atzerritar bat eskegiz, Durangon herriari hitza kenduz HBren 30. urteurrenean, Ondarroan demokratikoki hautaturiko politikariak kanporatuz eta Oreretan prentsaurreko baketsu bat pistolen bidez ekidinez. Jeltzaleak edo XXI. mendeko «iluminatu» berriak, «herririk gabe» jokatzen eta, are gehiago, «arrazoi publikoaren erabilera» ezerezean uzten dute. Dena den, joko politikoak behartzen dituenean, Ibarretxe Planari hautsa kenduko diote eta aho txikiarekin 18/98 auziaz, Alderdien Legeaz edota Ino Galparsororen espetxeratzeaz kexatuko dira, bi EAJ egongo bailiran, bi diskurtsoek helburu berbera ez balute bezala. Hortaz, obedientzia bakarrik dutenez eskaintzeko, «Espainian eroso bizi» alderdiaren leitmotiv bihurtzea izan dute aukerarik pragmatikoena. Horrela, ilustratuek despotismoa legitimatzen zuten bezala, Juan Karlos Borboikoa, GAL, torturak eta frankismoaren gaitzespen eza bultzatzen dutenen zilegitasuna ez dira kolokan jartzen EAJ alderdi konstituzionalistekin dantzan dagoen bitartean. Ezker abertzalearekin ezin daiteke hitz egin; bai, ordea, espainiar biolentoekin, haientzat ez baitago zentsura moziorik. Etika sui generisa jeltzaleena, eta puntako alienazio abertzalea alderdian bizi dutena.

Despotismo ilustratua iraultza frantsesaren bidez gainditu zen. Kant aurreiritzien jarraipenaz kezkati zen, pentsatzeko modu berri bat bilatzen baitzuen. Rousseau garaikidearen ekarpenetan iraultzak sostengua aurkitu zuen. Bi mende igarota, ez genioke beldurrik izan behar status quoaren aldaketari, ea abertzale batzuk horretaz ohartzen diren eta subiranotasuna bultzatzen duten, igarotako esperantza garaiak hor sustengatzen baitziren. Alderdi abertzaleen arteko gutxieneko portaera bat adosterako orduan beharrezkoak diren keinuak beharrezkoak dira, ziur. Interesengatik eginiko ezkontzekin jarraituz, jelkideek zail izango dute etorkizunean Euskal Herria eraikitzea, herririk gabe geratzen direnean. Agian jatorriko ideologiaren hustura konplitzen denean, horrelako eraikuntzek bost axolako diete, PSOEkoei langileria eta sozialismoa berdin zaien bezala, eta gustura jarraituko dute igerian totalitarismo demokratikoaren uretan, batek daki zein salerosketan murgildurik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo