GARA > Idatzia > Musika

Idauze-Mendiko Euskal Herria Zuzenean jaialdira joateko autobus linea bereziak izango dira

Reggae, hip-hop, rock-blues edo metal doinuek egingo dute bat datorren ekainaren 27, 28 eta 29an Zuberoan. Aurten, gainera, EHZ Pack-a antolatu dute, hau da, Hernanitik eta Iruñetik aterako den autobus zerbitzua.

Rebeka CALVO | DONOSTIA

«Makro-festibal» legez ezagutu ohi diren musika jaialdietako lehenengoa izan zen Euskal Herrian Zuberoako EHZ festibala. Lehenengo zortzi urteetan Nafarroa Behereko Arrosan antolatu zuten, eta ondorengo bost urteetan Zuberoako Idauze-Mendin. Datorren urtean, ordea, beste norabaitera joango dira, oraindik nora ez badakite ere.

Urteak pasatu diren arren, jaialdiaren «balioak» ez dira aldatu eta jai «herrikoi eta euskalduna» egiten jarraitzen dute. Aurtengoan ere musika mota askotako taldeak gonbidatu dituzte, gainera. Ostirala 27an agertoki nagusian Ojos de Brujo Sound System, Obrint Pas eta Keny Arkana izango dira, eta Gaztezulo karpan, berriz, Borrokan, Ultra Vomit eta Loo & Placido. Larunbatean Clawfinger, Latzen, Bauchklang eta MAP izango dira agertoki nagusian, eta bestean Alamo Race Track, Potato, Pib all Star, Sister Simone and the Holy Balls eta Inserta. Azken egunean Toots & the Maytals, Tonino Carotone eta Ruper Ordorika izango dira batetik, eta Esne Beltza, Booze brothers eta Akerbeltz, bestetik, Gaztezulo Karpan.

Musikak du, hortaz, protagonismo nagusia EHZen, nahiz eta antolatzaileek atzo Donostiako Doka Kafe Antzokian egindako aurkezpenean azaldu zutenez, «ez gara musika festibal bat bakarrik». «Tokiko ekonomia garatzen saiatzen gara, amalurra errespetatzen dugu...», gaineratu zuten.

Gutxi gorabehera urteroko osagai eta antolaketa izango du aurtengo jaialdiak, nahiz eta berrikuntza bat ere badagoen «Hego Euskal Herriko jende gehiago» gerturatzeko xedez.

EHZ Pack du izena eta hiru eguneko sarrera (40 euro) erosten dutenei zuzendu diete. «Hiru eguneko sarrera erosten duen Hego Euskal Herriko jendeak festibalera etortzeko autobusa izango du doan», agertu zuten. Bi autobus linea antolatu dituzte; bata, Hernanitik atera eta Donostia, Errenteria, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hendaiatik pasatuko da; bestea, Iruñetik atera eta Burlata, Arraitz, Elizondo, Baigorri, Garazi eta Larzabaletik igaroko da. Bizkaitik gerturatu nahi dutenek ere izango dute autobusa Topaguneak antolatuta -egoitzara deituta eman behar da izena-.

Sarrerak taberna desberdinetan eros daitezke: Donostian Herrian, Hernanin Garinen, Bilbon Rondan, Iruñean Herrikoan eta Gasteizen Garraxin. Autobuserako izena ere taberna hauetan eman daiteke, nahiz eta Internet bidez ere egin daitekeen gauza bera Gararen web orria baliatuz horretarako.

GARA.NET

Gararen web-guneko denda atalean sartuta eros daiteke jaialdirako hiru eguneko sarrera eta, bide batez, bertan eman daiteke izena Hernanitik eta Iruñetik aterako diren autobusetarako ere.

Fitxa

Lekua:

Idauze-Mendi (Zuberoa).

Data: Ekainak 27, 28 eta 29.

Sarreren salneurria: Hiru eguneko sarrera 40 euro, ostiralekoa 18, larunbatekoa 20 eta igandekoa 15 euro.

Informazio gehiago:

www. ehz-festibala.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo