Praileaitzen dekretua zuzentzeko garaia
Gipuzkoako Kultura ahaldun Maria Jesus Aranburuk atzo esan zuenez, Aldundiak Praileaitzen babes gunea zabaltzea proposatuko dio Lakuako Gobernuari kobari buruzko ikerketa arkeologiko eta geologikoen lehen txostenen berri eman ondoren. Kantabriako Unibertsitateko adituek kobazuloa zeharkatzen duten pitzadura-lerroak aurkitu dituzte, eta kanpoko edozein eraginek kobazuloari kalte egin diezaioke. Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez dator guztiz bat zientzialariek eta herritarrek eskatzen dutenarekin, ez baitu mendi-mazela osoaren babesa eskatzen, antza. Hala ere, argi eta garbi agertzen du Kultura Sailaren gaur egungo dekretuak ez duela Praileaitz behar bezala kontserbatzeko beharra asetzen.
Proposamen hori herritarrek, hainbat elkartek eta zientzialariek eskatzen dutena ez bada ere, Kosta Legeak xedatzen dituen neurrietara iritsi gabe ere, aurrerapauso bat da. Alde batetik, nabarmen, nabarmenago, utzi du Lakuaren dekretua oso motz geratu zela eta Praileaitzek behar duen babesak askoz neurri zabalagoak eskatzen dituela; baina behar hori ez da atzo goizeko kontua, hasiera-hasieratik baitzegoen argi, eta ez zen inoren tema hutsa, herritarrekin batera adituen ahotsak eta senak eskatzen baitzuten inguruaren erabateko babesa. Horrenbestez, Lakuari zentzugabeko egoskorkeria egotzi izana ez da funsgabeko kritika izan, are gutxiago hainbat adituk, herri mugimenduk eta zientzia elkartek, hala nola Gasteizko Legebiltzarrak, eskatutakoari muzin egin ondoren.
Bestetik, herritar horien salaketa eta protesta, hainbat elkarteren lana eta zientzialarien sostengu jantzia ezinbestekoak izan dira, eta dira, Euskal Herriko histori eta arte ondarearen altxor hori babesteko. Izan ere, arrazoia dutela jakiteak emandako erabakitasun horri esker agerian geratu dira jarrera interesatuak eta horrixe esker eman izan dira aurrerapausoak. Lakuako Gobernuko Kultura Saila denen atzetik, berandu eta oker mugitu da orain artean Praileaitzi dagokionez. Ikusteko dago, ordea, zuzentzeko garaia dela uste duen.