GARA > Idatzia > Zinema

Kim Ki-duk eta Kristian Levring, besteak beste, Urrezko Maskorraren bila

Irailaren 18tik 27ra bitartean ospatuko den Donostiako Zinema Jaialdia ari da gutxika aurtengo ildoak zehazten. Afixak aurkeztu zituen lehenik, hiru atzerabegirakoak ondoren, eta orain Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren zuzendari batzuen izenak eman ditu. Oraingoz, Daniel Burman, Christophe Honore, Kim Ki-duk, Jaime Rosales, Courtney Hunt, Rashid Masharawi eta Kristian Levring-en izenak aurreratu dituzte.

p052_f01_.jpg

R.C. | DONOSTIA

Zinemaldia ari da gutxika-gutxika jaialdian izango diren zuzendari eta antzezleen berri ematen. Oraingoan Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren zuzendari batzuen berri eman du.

Daniel Burman, Christophe Honore, Kim Ki-duk, Jaime Rosales, Courtney Hunt eta Rashing Masharawi dira zuzendari horiek, eta baita zinemagintzaren garbitasuna berreskuratzeko sortutako Dogme 95 higikundeko sortzaileetako bat, Kristian Levring. Hauek dira, hortaz, oraingoz Sail Ofizialean lehiatuko direnetatik aurreratu dituzten lehenengo izenak.

Horiek horrela, Kim Ki-duk zuzendari korearrak «Bi Mong (Dream)» lana aurkeztuko du Zinema Jaialdian. Ki-duk asiar zinema garaikideko maisu handienetakoa da egun eta ez da Donostiako jaialdian parte hartuko duen lehenengo aldia; 2005ean nazioarteko kritikaren Fipresci Sari Nagusia jaso zuen «3-Iron» lanarengatik, eta 2003an Perlak Sailean ere Ikusleriaren saria eskuratu zuen «Spirng, Summer, Fall, Winter... and Spring» filmarengatik. «The ilse» (2000), «Samaritan Girl» (2004), «The Bow» (2005) eta «Time» (2006) dira bere beste lanetako batzuk.

Amets arriskutsuak

«Bi Mong (Dream)» lanean Jin (Joe Odagiri) da protagonista. Mutilak amesgaiztoa izan du; bertan, bere neskalagun ohia ikustera zihoala, auto istripu bat izan du eta, hain justu ametseko istripuko tokira joatean, modu berean gertatu den beste istripu baten ondorioak topatu ditu. Poliziari jarraika, istripua eragin duen neskaren, Ran-en (Lee Na-young), etxera iritsi da eta honek istripurik ez duela eragin esan du. Jinek, orduan, ametsaren berri eman dio poliziari eta erruduna bera dela esan die, nahiz eta poliziek ez dioten jaramonik egin eta neska atxilotu duten. Jinek argi du, hala ere, bera eta neskaren artean badagoela nolabaiteko harremanen bat, eta ez dabil oso oker: Ranek berak amesten duena egiten du.

Daniel Burman argentinarrak, bestalde, bere seigarren film luzea aurkeztuko du Donostian, «El nido vacío», hain zuzen Argentinan 300.000 ikusletik gora izan dituen filma. «El abrazo partido» (2004) filmarekin Burmanek Berlingo Jaialdiko Zilarrezko Hartza jaso zuen. Bereak dira «Esperando al Mesías» (2000), «Todas las azafatas van al cielo» (2002) eta «Derecho de familia» (2006) lanak ere.

«El nido vacío» filmean seme-alabek etxetik alde egiten dutenean sortzen den hutsuneaz hitz egin du argentinarrak. Izan ere, hutsune horrek, askotan, gurasoek urteetan baztertuta izan dituzten bikote arazoak uzten ditu agerian. Leonardo (Oscar Martinez) da filmeko protagonista, egoera hau bizitzen ari den idazlea hain justu.

Christophe Honore da, Estatu frantseseko zine berriaren ordezkaririk esanguratsuena, Sail Ofizialean lehiatuko den beste zuzendarietako bat. Donostiara «La belle personne» lanarekin etorriko da eta bertako protagonista, ia bere film guztietan bezala, Louis Garrel antzezlea da. Bere beste lan batzuk «Dans Paris» (2006) eta «Les Chansons d'amour» (2007) dira.

«La belle personne» filmeari dagokionez, «La princesa de Clèves» eleberriaren moldaketa da. Istorioak Enrique II.ren gortera egin du salto gaur eguneko Parisko amodioa aztertzeko. Junie 16 urteko neskatila da, eskolaz aldatu dute eta bere lehengusu Mathiasen ikastetxe berera eraman dute. Bertako mutil guztiek nahi dute Junierekin ibili, eta berak mutilik isilena aukeratu du. Pasioa dario bikoteari, baina Juniek ez dio zoriontasunari aterik ireki nahi.

Jaime Rosalesek ere bere azken filma, «Tiro en la cabeza», aurkeztuko du jaialdian. Bi Goya irabazi zituen «La soledad» (2007) lanarengatik, Zuzendari Onenari emandakoa, bata, eta Filmerik Onenari emandakoa, bestea. Bartzelonako zuzendari hau etengabe ari da esperimentatzen zinema-hizkuntzan «Las horas del día» (2003), bere lehenengo filma, egin zuenetik. «Tiro en la cabeza» lanak Ion du protagonista. Goiz batean gosaldu eta abokatu batzuekin bildu da. Beste gau batean festa batera joan eta neska bat ezagutu du. Itxuraz bere bizia nahiko normala da. Egun batean auto batera igo eta Estatu frantseseko mugara joan da lagun batekin, bikote baten etxean emango dute gaua eta hurrengo egunean kafetegi batean kalez jantzitako bi guardia zibilekin topo egin eta hil egin dituzte.

Urrezko Maskorra lortzeko aukera duen beste zuzendarietako bat Danimarkako Kristian Levring da. Dogme 95 higikundearen sortzaileetako bat da eta «Den Du Frygter (Fear Me Not)» lana aurkeztuko du, Oscar Anders Thomas Jensen-ekin batera idatzi duen istorioa, hain zuzen.

Filmeko protagonista Ulrich Thomsen da, «Brode (Hermanos)» (2004) lanarengatik antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuena. Levringen laugarren lan honek pilula berri batzuen esperimentua du ardatz. Michael pilula hauek hartzen hasi da, baina, dituen albo-ondorioez jabetuta, esperimentua bertan behera utzi dute. Michaelek, hala ere, bere kabuz jarraitu du pilulak hartzen. Gutxika-gutxika bere joku psikologikoak arriskutsuagoak egiten hasiko dira.

Rashid Masharawi da beste zuzendarietako bat. Palestinarra da bera eta «Curfew» (1994) eta «Ticket to Jerusalem» (2002) dira bere aurreko lanetako batzuk. Dokumentalak ere egin ditu «En direct to Palestine» (2003) eta «Arafat, mon frère» (2005), kasu. Donostiara «Eid milad Laila (Laila's Birthday)» lanarekin etorriko da. Filmak Abu Lailaren (Mohamed Bakri) pasarteak ditu hizpide. Laila epailea da baina, gobernuak ez dionez ordaintzen, taxista bezala hasi da lanean. Bere alabak, Lailak, zazpi urte betetzean emazteak etxera goiz itzultzeko eta pastela eramateko eskatu dio. Taxistak ez du beste gauzarik buruan, baina Palestinako eguneroko bizitzan gauzarik sinpleena egitea ere ikaragarri zaila da.

Emakume bakarra

Azken zuzendaria, emakume bakarra, Courtney Hunt da. Bere lehenengo lana aurkeztuko du Donostian estatubatuarrak, «Frozen River». Filmak Sundance-ko azken jaialdian Epaileen Sari Berezia jaso zuen eta epaileetako batek, Quentin Tarantinok, «Amerikan bizi den txirotasuna era liluragarrian deskribatzen» duen filma dela esan zuen, gainera.

«Frozen River»-en Ray Eddy-k bizirauteko egin behar dituenak ikusi ahal dira. Protagonistak etxe bat erosi behar du bere senarrarekin, baina honek, apustuzale amorratua izanik, diruarekin alde egin du. Ondorioz, Eddyk beste lagun batekin bestelako lanak egiten hasi behar du dirua irabazteko: Saint Lawrence izoztutako aintziran barrena etorkinak pasatu behar ditu. Izotz geruza geroz eta finagoa da eta lan mota hau egiteak arrisku handia duela ikasiko du Eddyk.

Woody Allen estará en el Zinemaldia

«Vicky Cristina Barcelona», la última película de Woody Allen que protagonizan Javier Bardem, Penélope Cruz, Rebecca Hall y Scarlett Johansson, inaugurará, el 18 de setiembre, la sección «Perlas de otros festivales» del Zinemaldia. A la presentación acudirán, según han comunicado, el director junto a sus protagonistas.

Allen afirma haber querido retratar en esta película de manera sutil -sin acudir a un enfoque «trágico»- el viaje de dos jóvenes turistas estadounidenses, Vicky (Rebecca Hall) y Cristina (Scarlett Johansson), que en su viaje al Estado español «ven cómo su mundo comienza a desintegrarse de manera compleja».

El encuentro de un pintor desinhibido (Javier Bardem) y las proposiciones de éste, finalmente aceptadas por las turistas, se convierten en el detonante de una historia que tiene otro vértice, la trastornadora aparición de la ex esposa del pintor (Penélope Cruz) en sus vidas.

«Perlas de otros festivales» reúne un conjunto de películas que han destacado en su presentación en distintos certámenes cinematográficos. R.C.

ATZERABEGIRAKOAK

Zinemaldiak hiru atzerabegirako eskainiko ditu aurten: bata, Mario Monicelli zinemagile italiarrari; Terence Davies zuzendari britaniarrari, bestea; eta zinema beltz japoniarrari, azkena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo